Jon Agirresarobe eta Pedro Migel Uranga: "Hurrengo belaunaldiei errelatu hau transmititzeko obligazioa sentitu dugu"

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 13a

Jon Agirresarobe atzo hizketan solasaldiaren une batean, eta alboan, Pedro Migel Uranga. (Onintza Lete Arrieta)

Areto bete jenderen aurrean eman dute hitzaldia XX. mendeko arrantzaz eta Orioz, zehazki, 1890-1915 urteen arteko epeaz. Bi urte daramatzate ikerketa lanetan, eta bide horri jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute. 

Orion arrantza eta horren inguruko jakintza oso bat desagertzera doazela ikusita, XX. mendeko arrantza mundua ikertzen ari dira bi oriotar: Pedro Migel Uranga patroi izandakoa eta Jon Agirresarobe Torrotxo, ofizioz euskara eta kultura teknikaria. Beren borondatez, baina Orioko kofradiaren "laguntza eta babes osoarekin" ari dira.

Bi urte daramatzate informazioa biltzen, eta atzo, Balearen Egunaren egitarauaren barruan, ikerketa horretako zati txiki batez aritu ziren 19:00etan Kultur Etxean eskaini zuten hitzaldian. Hain zuzen, oriotarrek Kantauriko azken balea harrapatu zuten garaia izan zuten hizpide, XX. mende hasiera, hamarkada bat lehenagokoa eta ondorengokoa ere aintzat hartuta –ikerketa osoaz luze eta zabal hitz egin dute biek maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkarian–. Izen-abizenez, zehaztasun eta datuz eta dokumentuz jositako hitzaldia eman zuten. 

Sardinatan edo antxoatan ari ziren izenburua jarri zioten hitzaldiari nahita, Orioko arrantzaleek 1901eko maiatzaren 14 hartan balea harrapatu bazuten ere, bitxikeria soil bat izan zelako hura arrantzak Orion esan nahi izan duen guztia kontuan hartuta. Gaiak jakin-min handia sortu zuen, aretoa goraino bete baitzen, eta bakar batzuek zutik entzun behar izan baitzituzten Urangaren eta Agirresaroberen azalpenak. 

Arrantza, herria eta orografia

Bi ordu iraun zituen hitzaldiak, eta beste horrenbeste segiko zuketen hizlariek, asko baitzuten kontatzeko. 

Datuak ematen hasi aurretik, ikerketarako erabili dituzten iturrien zerrenda aipatu zuten, baita aurretik egin diren lanen eta ikerlarien lana aitortu ere. Solasaldian zehar, berriz, dezentetan aipatu zituzten bi izen: Benigno Rodriguez Espainiako armadako kaboa eta Romana Enparan ikerlaria. Joaquin Arostegiren liburua ere behin baino gehiagotan aipatu zuten, eta Agirresarobek hura irakurtzera animatu zituen herritarrak, "sekulako luxua" delako. 

Kontatu zuten baporeen zerrenda egitea izan zela aurreneko lana, eta horretarako 80 elkarrizketa egin zituztela arrantzale izandakoekin eta. Berehala ohartu ziren zenbait gauzataz: baporeen zerrenda osatzeko gizonek adina informazio eta jakintza zutela emakumeek, eta baporeetatik kanpo ere arrantzari lotutako jakintza asko zegoela.

Eta, noski, arrantza ikertzeak herria bera eta herritarren bizimodua ikertzea zekarrela. Baita ingurunea eta ingurune horren nolakotasuna ere. Orioren eta arrantzaren kasuan, ezinbestean, errioa eta itsasorako sarrera-irteera, hau da, barra. Mendeetan zehar, arrantzaleek izan duten oztopo nagusia, eragin izan dituen heriotzez gain. Luze eta zabal aritu ziren barraz: garaian garaiko agintariek zenbat aldiz eskatu izan zuten barrari konponbidea ematea–XVI. mendeko datuak ere badaude–, zenbat saiakera egin izan diren, baita naturak berak barra non sortzen zuen –gaur egungo kirol portu inguruan– eta arrantzaleek zer trikimailu erabili behar izaten zituzten hura gainditu eta arrantza ateratzeko nahiz herrira itzultzeko. "Beste portuetatik egunero atera zitezkeen arrantzaleak lanera, Oriotik, ez", esan zuten. "Bandereroak erabakitzen zuen itsasora atera ala ez". Zehaztasun handiz kontatu zuten nola izaten zen itsasoratzeko prozedura eta bandereroaren zeregina. 

Gorakada

Eman zuten datu zehatz pilaren artean, herriko arrantzale kopuruaren igoerarena dago. Dokumentuen arabera, XIX. mende bukaeran hamabi arrantzale egotetik 100 egotera pasatu ziren XX. mende hasieran. Arrantzari eragin zioten aldaketak ere aipatu zituzten: aurrerapen teknologikoak, trena Oriora iritsi izana 1895ean eta horrekin batera merkatua zabaldu izana, aldaketa politikoak, etab.

Ontziak modernizatzen nola joan ziren ere azaldu zuten. Batelak, potinak eta txalupak –gerora traineru deituko zitzaien– egotetik pixkanaka lurrin makinak –hau da, baporeak– egotera nola igaro ziren, baita dokumentuen arabera aurreneko baporea Oriora noiz iritsi zen ere: San Pedro I baporea, 1907an. 

Garaiko arrantza teknikez ere luze eta zabal jardun zuten, eta arrantzan elkarren ondo-ondoan aritzen zirenez, batzuetan elkarlanean aritzen zirela, baina baita "liskarrak ugariak" izaten zirela ere. Liskarrak eta eztabaidak aipatu zituzten kofradiaz hitz egiterakoan ere. Kontatu zuten herriko elkarte zaharrenetakoa dela, haren aurreneko aipuak XVI. mendekoak direlako, eta azaldu zuten XX. mende hasieran zer lan eta zer buruhauste izaten zituen arrantzaleen elkarte horrek, batez ere bazkideek zegokien kuotak ordain zitzaten. Bi hamarkadaz herrian bi kofradia egon zirela ere azaldu zuten, baina bigarren kofradiari buruzko dokumenturik ez dutela lortu.

Xehetasun asko kontatu zituzten, tartean nortzuk aurreratu zuten dirua Herriko Plazako kofradiaren etxea erosteko, zein izan ziren aurreneko arduradunak, aurreneko akta liburua erakutsi zuten htizaldian bertan... Erakunde gisa kofradiaren garrantzia azpimarratu zuten, eta gaiak "aparteko hitzaldia" merezi duela esan zuten. 

Baleaz ere bai, noski

Baleaz eta 1901eko maiatzaren 14az ere hitz egin zuten, baina ez berehalakoan, hizketan ordubete pasa zeramatenean baizik. Garaiko kronikak jasoak dituzte, eta gertatutakoa batean eta bestean desberdin kontatzen dela erakutsi zuten, entzuleen barreak eraginez, eta Orbegozo apaizak sortutako eta Benito Lertxundi musikariak ezagutzera emandako balearen bertsoez aritu ziren. Bost patroien izenak ere esan zituzten, nola ez, ñabardura bat egiteko: Eustakio ez zela Atxaga, Atxega baizik, eta hala dagoela jasota akta notarial gehienetan. Atxegaren oinordekoek ere horixe aldarrikatzen dute: Atxega idaztea. 

Balea erriotik atera eta non jarri zuten ere azaldu zuten, Zakilaneko aldapan –garai hartan Ondartzako aldapa deitzen omen zitzaion–. Eta kontatu zuten nola 1.500-2.000 pertsona artean etorri ziren inguruko herrietatik balea ikustera, eta bakoitzak bi erreal ordaindu behar izan zituela. Baita egun batzuk igarota, harrapaketan parte hartu zuten arrantzaleek udaletxeko zinegotziei dirua eskatu zietela, gertakariak herrian utzi zituen irabaziak zirela eta. Aktetan jasota dago nola zinegotziek erabaki zuten marinelei "100 pezeta eta merienda" ematea. 

Arrain saltzaileez, mallerez –saregileen aurrekoak–eta eskabetxeriez ere aritu ziren. Emakumezkoak aritzen ziren hiru ofizio horietan. Etxera bigarren soldata eramaten zutela azpimarratu zuten, baita herriko arrantza sisteman hori garrantzitsua zela ere, neguan ezin izaten baitzuten itsasora irten gizonek arrantzara –barragatik–. Horregatik, Orion beti arrantzale-nekazariak izan direla nabarmendu zuten Urangak eta Agirresarobek. 

Bizimoduaren gogortasunaz ere hitz egin zuten. Mallerena aipatu zuten aurrena, arrantzaleena, gero. "Arrantzalea 40 urterekin hautsita egoten zen, arnasteko arazoekin eta erreumarekin. Pentsa, 12 urterekin hasten ziren ontzian, oinutsik eta goitik behera bustita", kontatu zuen Urangak. 

Ikerketan dokumentu asko aurkitu dituzte: XX. mende hasierako Orion zenbat enpresa, saltoki eta taberna zeuden, esaterako. Zerrenda zehatza irakurri ere egin zuten atzo, entzuleen gozamenerako. 

Jarraitzeko asmoa

Bai Agirresarobek, bai Urangak, nabarmendu nahi izan zuten biak beren borondatez ari direla ikerketa lana egiten, eta ez direla profesionalak. Gaineratu zuten hutsune handia dagoela dokumentazioan eta irudi grafikoetan –Iñaki Iturainek egindako argazki bilketa lagungarria izan zaiela azpimarratu zuten–, aktetan eta ez dela ia emakume izenik agertzen "arrantza sistemaren ardatzak izan diren arren", eta oraindik "bukatu gabeko lana" dela beraiek egin dutena. Alegia, ikertzen jarraituko dutela. "Hurrengo belaunaldiei errelatu hau transmititzeko obligazioa sentitu dugu", esan zuten. Ikertutako guztia kofradiaren esku utziko dutela ere agindu zuten. 

Gainera, herritarrei eskatu zieten etxean dokumenturik edo informaziorik baldin badute beraiekin harremanetan jartzeko, eta ateak zabalik utzi zituzten bateren batek beraien lantaldera batu nahiko balu ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide