OAEko kideak bikain aritu dira Aulki Mugikorreko FER Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 7a

Orioko skull laukoa, urrezko dominekin. (OAE)

Igandean Legution (Araba) jokatu zituzten estropadak absolutu eta paraolinpiko kategorietan, eta dotore ibili ziren Orioko gizon-emakumeak absolutu kategorian, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratuta.

Aulki Mugikorreko FER txapelketak jokatu zituzten igandean Legutioko (Araba) lakuan, eta Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) arraunlariek emaitza bikaina lortu zituzten. Absolutu eta paraolinpiko mailako txapelketa izan zen, eta skull laukoan urrezko dominarekin itzuli ziren etxera gizonezko absolutuak. Leandro Salvagnok, Marcos Sarrautek, Martin Gonzalezek etaGorka Arrojeriak osatu zuten laukoa.

B ontziak, berriz, seigarren egin zuen: Axel Atorrasagastik, Imanol Iruretagoienak, Aimar Ikatzetak eta Inhar Gastianek osatu zuten lauko hori.

Gizonezko absolutuetan, skiff bakarkakoan ere dotore ibili ziren oriotarrak, zilarra eskuratu baitzuen Koxme Burutaranek. Modalitate berean, bederatzigarren sailkatu zen Imanol Sarasua.

Koxme Burutaran, ezkerrean, zilarrezko dominarekin. (OAE)

Emakumeek ere lan ederra egin zuten skull bikoitzean, maila absolutuan, brontzezko dominarekin etxeratu baitziren Jare Miralles eta Uxue Olaskoaga.

OAEko Jare Miralles eta Uxue Olaskoaga, eskuinean, brontzezko dominekin. (OAE)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide