Sei artistak jarriko dute festa aurtengo Paka Fest jaialdian

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 1a

Elektropottotte taldea. (utzitakoa)

Paka Fest jaialdiak Etxeluze gaztetxea hartuko du maiatzaren 9an. Elektropottotteren emanaldiak emango dio hasiera arratsaldeari, eta ondoren, afaria izango da. Gauean, Dracanis, Latxa Mamarratxa, Andrigina, Boloma eta DJ Eromena igoko dira oholtzara.

Oriyoko Pakak kolektiboak LGTBIQ+ mugimenduaren aldeko Paka Fest jaialdia ospatuko du maiatzaren 9an, larunbatarekin, Etxeluze gaztetxean.

Jaialdirari hasiera emateko, Elektropottotteren emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da, 19:15ean. 2022an Lasarten eta Andoainen (Gipuzkoa) sortutako taldea beti prest da "kaleak eta gorputzak astintzeko". Ondoren, elkarrekin batera afalduko dute, eta txartelak momentuan bertan izango dira salgai.

Iluntzean ere izango da ospakizunik, hain justu, bost artista igoko dira gaztetxeko oholtzara. Dracanisek, drag-aren bitartez, "munduari irribarre bat eskaintzen" dio, "bizitzaz gozatzeko eta dena posible dela erakusteko". Andriginak, bestetik, clown drag, androginia eta genero-adierazpenen mugekin jokatzen du. 

Latxa Marramatxa "artaldearen ohiko bideetatik aldentzen den ardi ausarta" da. Euskal dantzak oinarri hartuta, tradizioa eta desobedentzia uztartzen ditu, hain justu. Bolomak ere dantzan jarriko ditu herritarrak, izan ere, bikote honek zunba saioa eskainiko du jaialdian.

Gauari amaiera emateko ardura DJ Eromenak izango du. Funk carioca, bass, bouyon, hip hop edota dancehall doinuak jorratzen ditu, eta dantza eta afrofusioa protagonista dituen giroa sortuko du larunbatean. 

Bost euro balioko du emanaldietarako sarrerak, eta gaztetxean bertan erosi ahalko da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide