Udako kirol eta aisialdi jardueretan izena emateko epea astebetez luzatuko da, eta ez da bihar, apirilak 24, amaituko, hurreno asteko ostegunean baizik, hilaren 30ean. Hala jakinarazi du gaur ohar bidez Orioko Udalak, eta esan du eragileen eskaerari erantzunez hartu duela erabakia.
Esteka honetan ikusi daiteke aurtengo eskaintzaren informazioa (egutegia, ordutegia, adina, prezioa…), baita izena emateko galdetegiak ere, antolatzaileen arabera antolatuta.
Behin epea amaituta ere izena emateko aukera egongo da leku libreak dauden ikastaroetan, zuzenean eragileekin harremanetan jarrita (taulan zehaztutako posta elektronikoen edo telefono zenbakien bidez).
Txurrumuski aisialdi taldeak eskainitako udaleku irekien kasuan, ordea, behin epea itxita, ezingo da izena eman antolaketa arrazoiengatik. Eta Gazte Abentura jardueran lekuak betetzen badira, zozketa egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Zalantzak argitzeko aukera
Izen-emateari lotutako zalantak argitzeko, udalak jakinarazi du Karela kiroldegiko harrerara jotzeko aukera dagoela, ohiko ordutegian: hau da, astelehenetik ostiralera 7:00-21:00 artean; larunbatetan 09:00-13:00 eta 16:00-20:00 artean; eta igande eta jaiegunetan, berriz, 09:00-13:00 artean.