Gipuzkoako Ur Kontsorzioak datorren astean bukatuko ditu saneamendu sistema konpontzeko lanak

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 25a

Eusko Gudari kaleko etxebizitzak, artxiboko irudian.

Apirilaren 27tik 29ra egingo dituzte azken konponketak, eta ondorioz, herriguneko trafikoan hainbat aldaketa izango da. Astelehenean, hain justu, Eusko Gudari kaleko 5-9 atarien arteko aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo.

Martxoaren 16an abiatu zituzten herriko saneamendu sistema konpontzeko lanak, eta obrak apirilaren 10ean bukatuko zituztela aurreikusi zuen Gipuzkoako Ur Kontsorzioak. Lanen bilakaeran aldaketak izan dira, ordea, azkenean datorren astean, apirilaren 27tik 29ra, egingo dituzte azken konponketak.

Hori horrela izanda, udalak herriguneko trafikoan hainbat aldaketa izango direla jakinarazi du. Apirilaren 27an, astelehenarekin, Eusko Gudari kaleko 5-9 atarien arteko aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo. 

Apirilaren 28an, astearteartearekin, herriguneko irteera guztiak Txanka hondartzatik egin beharko dira. Halaber, Kaia kaleko 3-7 eta Arrantzale kaleko 2-4 garajeetako erabiltzaileek kontrako norabidean atera beharko dute, eta sartzeko, arretaz gidatzeko eskatzen zaie. Gainera, herrira sartzen diren ibilgailuek ezingo dute sotoetako iturritik aurrera plazarantz jo; bide hori itxita egongo da, garajeetako erabiltzaileak kontrako norabidean irten daitezen. 

Azkenik, apirilaren 29an, asteazkena, Eusko Gudari eta Abeslari kaleen arteko bidegurutzean ez da errepide mozketarik aurreikusten, baina trafikoa txandaka bideratuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide