Urrezko dominarekin itzuli dira absolutu mutilak Espainiako Batel Txapelketatik

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 20a

OAEko absolutu mutilak garaile, Espainiako Batel Txapelketan. (utzitakoa)

Asteburuan Legution (Araba) jokatu dituzte Espainiako Batel Txapelketako sailkatze estropadak, eta Orio Arraunketa Elkarteak guztira lau ontzi aurkeztu ditu proba horretara. Askotariko emaitzen artean, absolutu mutilek garaipena lortu dute.

Arraun hitzorduz betetako asteburua izan du Orio Arraunketa Elkarteak (OAE). Alde batetik, larunbatean Gipuzkoako Trainerilla Ligari ekin zioten etxeko uretan, eta bestetik, atzo San Telmo sariak izan zituzten jokoan Zumaian. Bi hitzordu horien artean, Espainiako Batel Txapelketako sailkatze estropadak ere jokatu dituzte Legution (Araba). 

OAEk guztira lau batel aurkeztu zituen probara, eta askotariko emaitzen artean, gizonezko absolutuek urrezko domina ekarri zuten etxera. Diego Perez, Mikel Lizarralde, Adrian Gonzalez, Ander Zabala eta Oihan Manterola arraunlariek osatu dute ontzi hori, eta 08:38,00 denborarekin amaitu zuten proba.

Gainontzeko ontziei dagokienez, hurrengo postuetan amaitu dute: infantil mutilek bosgarren egin dute, kadete mutilek seigarren (B finala irabaziz), eta kadete neskek hamargarren.

Hala, OAEk asteburuan lortutako garaipenarekin, 19 Espainiako Batel Txapelketa metatu ditu, maila guztiak kontutan hartuta. Zehazki, gizonezkoen absolutu mailako zazpigarren txapelketa da aurten lortutakoa; azkenekoa 1995. urtean irabazi zuten, La Coruñan (Galizia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide