Karmele Esnalen familiak jaso du IV. Elbira Zipitria aitortza

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 19a

Orioko Herri Ikastolaren Aste Kulturala ari dira ospatzen egunotan, eta atzo eguerdian, IV. Elbira Zipitria aitortza ekitaldia egin zuten plazan. Aurten, Zipitria bezala Ikastolen sorreran aritu zen Karmele Esnal irakasle oriotarra omendu nahi izan dute.

Orioko Herri Ikastolaren Aste Kulturalaren barruan, Elbira Zipitria aitortza ekitaldia egin zuten atzo eguerdian, Herriko Plazan. Aurten, Zipitria bezala Ikastolen sorreran aritu zen Karmele Esnal oriotarra omendu nahi izan dute. Hain justu, hemendik aurrera Esnalen izena hartuko du aitortzak. 

Orion jaioa, Gasteizko Irakasleen Eskolan burutu zituen ikasketak Esnalek, eta ondoren, urtebete igaro zuen Zipitriaren ikastolan, "haren teknikak ikasten". Esnalek irakaskuntzan igaro zituen bizitzako urterik gehienak, eta 1955ean, bere ikastola sortu zuen Donostiako Pedro Egaña kalean. 13 urte "klandestinitatean" eskolak ematen jardun ondoren, Santo Tomas Lizeora batu zen, eta bertan jarraitu zuen 1997an erretiroa hartu zuen arte. 

Metodo pedagogiko "aurreratuak" erabiltzeagatik nabarmendu zen Esnal, eta Europan zehar, pedagoriari buruzko ikerketa eta gogoetak ezagutu eta horien teoria ikasgelara eramaten saiatu zen. 2012. urtean zendu zen, 79 urte zituela. 

Hala, oriotarraren lana eskertzeko eta aldarrikatzeko, Miren Azkarate haren ikasle izandakoak hartu zuen hitza atzoko ekitaldian. "Badira pertsonak gehienontzat alde bakarrekoak direnak; hain da indartsua alde hori, gainerakoak guztiz estaliak geratzen dira, etxekoentzako izan ezik. Halakoxea zen Karmele Esnal; ezagutu genuen gehien-gehienoi hitz batean definitzeko eskatu, eta bi bider pentsatu gabe, 'andereño' erantzungo genuke". Gipuzkoako Foru Aldundiak, hain zuzen, "bizitza osoko andereño" izendatu zuen Esnal hil ondoren. 

Ekitaldiaren ostean, kalejira musikatua egin zuten eguna biribiltzeko. Aste Kulturala gaur amaituko da, eta horretarako Zarauzko Mollarrira txangoa egin dute goizean.

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide