Palestina Orio elkarteak antolatuta, "Palestinako egoera gogora ekartzeko eta herritarren kontzientzia pizteko" erakusketa zabalduko dute apirilaren 21ean, Kultur Etxeko aretoan. Genozidioa gelditu! Palestina askatu! lelopean antolatu dute ekimena, eta irekiera ekitaldia hurrengo asteartean izango da, 12:00etan. Mostra ikusgai egongo da hilaren 30era bitartean.
Argazkiz osatutako erakusketa da, eta horiez gain, Palestinan gaur egun bizi den egoera irudikatzeko hainbat elementu ere jarriko dituzte, bisitariek "hango errealitatea gertutik ezagutzeko aukera" izan dezaten. Gainera, Palestinako egoeraren inguruko film bat ere proiektatuko da egunero arratsaldez, aretoan bertan.
Erakusketa ikastetxeetako ikasleentzat zabalduko da goizetan, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:30etik 19:30era, herritar guztientzat. Asteburuan, aldiz, itxita egongo da. Palestina Orio elkarteko kideek azaldu dutenez, "Palestinaren egoerak oso latza izaten jarraitzen du", eta herritarrei dei egiten diete erakusketara hurbildu daitezen, "palestinarrekiko elkartasuna adierazi eta gertatzen ari denaren inguruan hausnartzeko", hain justu.