Orio tentsiopeko eremu izendatzea neurri eraginkorra dela iritzi du EAJren udal taldeak, batik bat alokairuen prezioen igoeraren aurrean herritarrak babesteko balio dezakeelako. Eusko Jaurlaritzak iaz sartu zuen Orio eremu tentsionagarrien zerrendan, eta otsaileko udalbatzarrean hautetsiek aho batez onartu zuten Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatzea has dezala Orioko udalerria bizitegi merkatu tentsionatuko eremu deklaratzeko prozedura.
Adierazpen horrek, EAJren ustez, "aukera ematen du merkatuan kontrol mekanismoak aktibatzeko, batez ere kontratu berrietan, eta jarduera esparru bat eskaintzen du prezioen igoerari eusteko eta maizterrei egonkortasun handiagoa emateko".
"Horrelako politikak aplikatzea beharrezkoa da etxebizitza-eredu orekatuago eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko; bereziki Orion, non prezioen gaineko presioa handia den. EAJk gogorarazi du etxebizitza eskuratzea dela egungo erronka sozial nagusietako bat, eta denboran zehar neurri iraunkorrak behar dituela", adierazi du Noemi Ostolaza Orioko EAJren bozeramaileak.
Hala ere, Orio tentsiopeko eremu izendatzea politika publiko baten zati gisa ulertu behar dela iritzi dute jeltzaleek, "gazteek, familiek eta bizilagunek udalerrian bizitzen jarraitu ahal izatea bermatzeko".
"Etxebizitza funtsezko elementua da gizarte-kohesiorako eta Orioren etorkizunerako. Udalerria bizitzeko leku irisgarri gisa mantentzea funtsezkoa da bere komunitatea eta zerbitzuak babesteko", nabarmendu du Ostolazak.