Libe Arruabarrena eskubaloi jokalari oriotarrak Espainiako selekzioarekin pasatuko du hurrengo aste osoa, apirilaren 6tik 12ra, Zaragozako (Espainia) Tarazona herrian. Udan jokatuko den junior mailako munduko txapelketa prestatzea da helburua, eta Norvegiaren aurka lagunarteko bi partida jokatuko dituzte, apirilaren 9an bat, eta 11n, bestea.
Munduko txapelketa ekainaren 25etik uztailaren 5era jokatuko dute, Txinan –aurrekoa ere han egin zuten– , eta Espainiak Korea, Argentina eta Turkia izango ditu aurkari.
Espainiako entrenatzaileak oraindik ez du erabaki zein jokalari deituko dituen munduko txapelketan parte hartzeko, baina Arruabarrenak zerrenda horretan egoteko aukera asko ditu. Esperientzia badu halako txapelketetan; 2024an munduko txapeldun izan zen Espainiarekin.
Ligan borrokan
Ligari dagokionez, Arruabarrenaren Replasa Beti Onak talde nafarra laugarren postuagatik borrokan dabil une honetan Guerreras Iberdrola Ligan. Izan ere, laugarren tokian geldituz gero, bosgarrenaren kontra jokatuko lukete, eta etxean edukiko lukete bueltako partida. Horren bila dabiltza nafarrak.
Kopak ere ilusio handia egiten diela aitortu du oriotarrak. "Donostian jokatuko da, eta lehia politena horixe da". Arruabarrenarekin batera, beste bi oriotar dabiltza Beti-Onaken jokatzen: Laida Urbitarte eta Maialen Orbañanos.