Oriok ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi gune edukitzeko lehen pausoa eman du udalbatzak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 27a

Ibilgailu elektrikoentzako karga puntu bat. (Pixabay)

Lau aparkaleku jartzea aurreikusi du udalak, bi udal kanpinaren aurreko aparkalekuan, eta beste bi Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan. Zerbitzu berriaren lizitazioa aho batez onartu zuten atzo iluntzeko udalbatzarrean.  

Orioko udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare publikoa instalatu nahi ditu udalak, eta atzo iluntzeko udalbatzarrean eman zuten karga publikoko azpiegiturak sortzeko aurreneko pausoa. Lau puntu egotea aurreikusten da, eta horiek instalatzeko, mantentzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko esleipen prozedura abiatu zuten, eta udalbatzak aho batez onartu zuen proposamena.  

Kontratuaren epea gehienez hamar urterako izango dela jakinarazi zuten, eta adjudikazio lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek hamabost eguneko epea izango dutela udalbatzaren erabakia aldizkari ofizialetan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. 

Espazio publikoetan azkar eta erdi-azkar kargatzeko estazioa jartzea da helburua, gaur-gaurkoz ez baitago halako zerbitzurik Orion. Denera 60 metro koadroko azalera hartuko du zerbitzu berriak, eta kargatzeko lau aparkaleku jarriko dira. Kokalekuen berri ere eman zuten atzoko bilkuran: guneetako bat hondartzara bideko aparkalekuetan egongo da, udal kanpinaren sarreraren ondoan. Bi aparkaleku jarriko dituzte bertan, ibilgailuak azkar kargazteko gailuarekin. Bestea Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan jarriko dute, eta han beste bi aparkaleku erabiliko dituzte. 

Lohitzune Solabarrieta EH Bilduko zinegotziak hartu zuten bozketaren ondoren, azpimarratzeko udalak urteak daramatza trantsizio energetikoaren bidean pausoak ematen, eta ibilgailu elektrikoei dagokienez, esan zuen herrian halako gero eta auto gehiago egon arren, denek ez dutela garaje edo gune bat autoa modu pribatuan kargatzeko. 

Orain jarriko dituzten guneek funtzionatzen dutela ikusiko balute, herrian puntu gehiago jartzea aztertuko luke udalak, Solabarrietak esan zuenez. Gainera, azpimarratu zuen lizitazio honen bitartez herritarrentzat kosturik ez duela eragingo zerbitzu berri honen instalazioak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide