Sormen Bizian Lab proiektua aurkeztu dute gaur eguerdian Orioko Kultur Etxean herri horretako Hezkuntza Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek, hau da, Zaragueta Herri Eskolako, Orioko Herri Ikastolako, Maria Maestra Haurreskolako, Danbolin musika eta dantza eskolako, Txurrumuski aisialdi taldeko eta udaleko kideek.
Helburua da herriko haur eta gaztetxoen sormena eta literaturzaletasuna bultzatzea eskola barrutik, eta horretarako, apirilean astebetez idazketa eta marrazketa tailerrak egingo dituzte LH 5. mailako eta DBH 1. mailako ikasleekin. Gelaz gela egingo dute lanketa, denera 130 ikasle ingururekin, Nerea Loiola idazleak eta Eneritz Ibarra ilustratzaileak. Proiektuari datozen urteetan jarraipena ematea da asmoa, eta azaldu dute urtero hitz baten bueltan egingo dutela sorkuntza prozesua; aurtengoan, balea izango da kontzeptu hori, eta tailerrak emandako emaitzak Balearen Egunean, maiatzaren 14an, aurkeztuko dituzte 17:00etan Herriko Plazan egingo duten ekitaldian.
Ainara Munduate Hezkuntza zinegotziak proiektu berriaren testuingurua azaldu du. Gogorarazi du Orion 38 urtez egin dela Haur eta Gazte Literatur Lehiaketa, eta Hezkuntza Mahaiak balioan jartzen duela haurrak eta gazteak euskaratik sortzeko egin duen akuilu lana, "motibagarria eta inspiragarria" izan delako urte askoan, eta euskara sustatzeko proiektu garrantzitsua izan delako. Dena den, esan du Hezkuntza Mahaian "beharra" sentitu dutela orain arteko proiektua baloratu eta erronka berriak identifikatzeko, gogoeta prozesua egin dutela, eta horren emaitza izan dela egitasmo berri hau.
Abiapuntua
Bi ikastetxeetako ordezkariek ere hartu dute hitza. Belen Aberasturi Zaragueta Herri Eskolako zuzendariak kontatu du azken urteetan "kezka iturri" izan dela "lehiaketako lanen egokitasuna, aberastasuna eta sormen prozesu horretan bidelaguntzarik eduki ez izana", eta hori izan zela Hezkuntza Mahaian egindako gogoetaren abiapuntua. Maialen San Sebastian Orio Herri Ikastoako LH-ko zuzendariak, berriz, prozesuko ondorioa azaldu du; "haurrak eta gazteak literatur zaletzeko, euskara sustatzeko eta sormena pizteko proposamen berri bat garatzea" izan da, eta hiru ezaugarri hartu dituzte kontuan: bidelagundutako sormen prozesua izatea; hitzean eta irudian, bi diziplinetan trebatzea gaztetxoak; eta lehiaketatik harago pentsatzea. San Sebastianek gaineratu du kontuan hartu dutela egungo gizartearen testuingurua ere, batetik euskararen arnasgune izateari utzi diolako Oriok, eta bestetik, adimen artifizialaren erabilerak sormenean eragina duelako.
Denbora eskaintzea gakoa
Saioa Iraola Hezkuntza teknikariak, berriz, proiektuaren bi hitz gako aipatu ditu: "Asmoa da sormenari lekua eta denbora eskaintzea, eta Orioko ikasleek aukera izatea hitzarekin eta irudiarekin jolastuz trebatzeko". Ideia horretan sakondu dute tailerra emango dutenek. Zarauzko bizilaguna den Loiolak esan du haur guztiak direla gai sortzeko, eta hori "sentiarazi" nahi diela: "Askotan uste dugu ez daukagula gaitasunik, baina falta zaiguna da denbora eta bidelaguntza". Proiektua oso polita iruditu zaiola esan du, "hitz batek edo irudi batek mundu oso bat zabal dezakeelako", eta azaldu du jolasaren eta esperimentazioaren bitartez egingo duela lanketa. Ideiak nola sortzen diren ikusi nahi du ikasleekin, eta hasierako ideiei forma ematen erakutsi, hizkuntzarekin jolastu bitartean.
Ibarra ilustratzailea Orion bertan bizi da, eta esan du bere ustetan sekulako aukera izango dela bizipena bera: "Bizipoza izango da bai gazteentzat, bai ikastetxeentzat, bai neuretzat, eta uste dut herri osoari halako olatu bat ekarriko diola. Gazteen begiradak elikatu egingo gaitu, eta hori altxorra da".