Juan Priede zinegotzi sozialista omendu zuten atzo eguerdian Orioko hilerrian. Duela 24 urte hil zuen ETAk Priede, tiroz eta herriko taberna batean. 69 urte zituen oriotarrak une horretan, eta PSE-EEko zinegotzia zen.
Urtero legez, aurten ere hilketa hura salatu nahi izan dute haren alderdikideek, eta haren memoria gogora ekartzeko lore eskaintza egin zioten atzo. Bertan izan ziren, esaterako, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, eta Azahara Dominguez eta Goizane Alvarez diputatuak. Gainera, ekitaldian izan ziren Priederen senitartekoak; Ana, Javier eta Juan seme-alabak, besteak beste.
Asensiok salatu zuen hilketa "zitala eta krudela" izan zela. Ildo horretatik, ondorengoa azpimarratu nahi izan zuen: "PPk eta Voxek erabiltzen duten biktimen neurria ez da onargarria. Juan Priederen memoria gogoratzen dugu gaur, eta hor sozialistak geunden, eta hori onartu egin behar dute alderdi horiek. Ez da zilegi politikoki erabiltzea beraien memoria. Duintasun hori guk defendatzen dugu, eta Priederen memoria hori da".