Koxme Burutaran arraunlaria, Espainiako Selekziora aurten ere

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 16a

Koxme Burutaran (World Rowling)

Asteburu honetan Banyolesen (Herrialde Katalanak) egin dituzte Udaberriko Openerako probak, eta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlaria hautatu dute Espainiako Selekziorekin aritzeko.

Iaz bezala aurten ere, Espainiako Selekzioaren deialdian sartu dute Koxme Burutaran arraunlari oriotarra, asteburu honetan Banyolesen (Herrialde Katalanak) lortutako emaitza onengatik. Hain justu, Udaberriko Openerako probak izan dira larunbatetik igandera, eta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak absolutu gizonezkoetan parte hartu du.

Orioko klubak, halaber, beste lau arraunlari aurkeztu ditu probetara. Jubenil nesken kategorian 24 partaide izan dira guztira, tartean Jare Millares eta Uxue Olaskoaga oriotarrak. Hamargarren postua eskuratu du Millaresek, eta hamabosgarrena, aldiz, Olaskoagak. Jubenil mutilen kategorian, lemazain gabeko bikoan, 31 arraunlarik hartu dute parte, eta hamaseigarren egin dute Aimar Ikatzetak eta Gorka Arrospidek. Eta azkenik, gizonezko absolutuetan, skiff bakarkakoan, zortzigarren izan da Koxme Burutaran, 13 partaideen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide