Saneamendu sarean hainbat konponketa egingo dituzte hurrengo asteetan, eta lanek iraun bitartean, herriguneko hainbat puntutan zirkulazioan aldaketak egongo direla jakinarazi du Orioko Udalak. Zehazki, datorren astelehenean, hilak 16, hasi, eta apirilaren 10era arte.
Lanak batez ere Eusko Gudari kalean, Kaia kalean eta Abeslari kaleko azken tartean egingo dituzte, eta egun horietan, zenbait neurri berezi hartuko dira herriguneko trafikoa bideratzeko. Zehazki, Abeslari eta Eusko Gudari kaleetan, trafikoa txandaka emango da; Arrantzale kaleko 6-10 atarien parean, ibilgailuen aparkalekuak lerroan jarriko dituzte, trafikoaren bi noranzkoak eta zerbitzuetara sarbidea bermatzeko (anbulatorioa, eguneko zentroa, etab.); Eusko Gudari kaleko 5-9 atarien pareko ibilgailuak, berriz, erretiratu egingo dituzte; eta Ixarra kaleko zamalanentzako eta motorrentzako aparkalekuak libratu egingo dira, kamioi handien mugikortasuna bermatzeko (DIA eta Eroskiko hornidura-ibilgailuak).
Bi egunetan herriko irteerak Txanka hondartzatik
Gainera, bi egun zehatzetan lanek eragin handiagoa izango dutela azaldu du udalak, zehazki, martxoaren 24an eta apirilaren 8an. Egun horietan herriko irteera guztiak Txanka hondartzatik egin beharko dira.
Lanak udal saneamendu sarearen mantentze eta berritze lanen barruan kokatzen dira. Izan ere, "azken azterketek agerian utzi zuten sareko zenbait puntutan konponketak egin behar direla, lotuneak irekita daudelako, hoditeriak pitzadurak dituelako eta haustura arriskua dagoelako". Kolektore batzuk berritu eta konponduko dituzte.