Pelotari eta Estropalari kaleetako belarra eta hainbat zuhaitz moztuko ditu Txukun enpresak datozen egunetan. Orioko Udalak zehaztu duenez, aste honetan ezpondetako belarra moztuko dute, eta martxoaren 16tik aurrera, aldiz, "arriskua sortzen duten" Estropalari kaleko zuhaitz altuenak moztuko dituzte, hain justu.
Azken urteetan, lursailen barruan dituzten zuhaitzen egoeraren berri eman die udalak etxejabeei, eta horiek garbitzeko eskaera egin zaie "behin baino gehiagotan". Hala, udalak jakitera eman duenez, bizilagun bakarrak erantzun dio eskaerari, eta egoerak sortzen duen arriskua ikusita, lanak "modu subsidiarioan" egiteko erabakia hartu dute.
Hori horrela izanda, lanak martxoaren 16tik 20ra egingo dituzte, eta lehen egunean, hilak 16, Gaztelekuaren pareko sei aparkaleku erreserbatuko zaizkie enpresako langileei.