Kalean da Mikel Markezen 'Gezurrari zor' disko berria

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 10a

Mikel Markez musikaria. (utzitakoa)

Bederatzi bertsolarirekin sortutako bederatzi abestik osatzen dute Markezen azken diskoa. Orioko Korrika Kulturalaren barruan, abesti berriak aurkeztuko ditu hilaren 18an, Kultur Etxean. Sarrerak ostegun honetan jarriko dituzte salgai, Turismo Bulegoan. 

Mikel Markez musikari eta Orioko bizilagunak disko berria kaleratu du. Gezurrari zor izenburupean, bederatzi bertsolarirekin batera sortu ditu bederatzi abesti berri. "Badira egia batzuk barrez esaten direnak. Badira gezurrak kantuz agerian uzten direnak. Gezurarri zor hitza erdigunean jartzen duen diskoa da", esan du Markezek lanaren inguruan. 

Besteak beste, Esti Markez aiarrak, Jon Maia zumaiarrak, Ane Labakak, Odei Barrosok eta Andoni Egañak hartu dute parte musikariaren azken proiektuan. Disko osoa dagoeneko plataforma digital guztietan dago entzungai.

Kontzertua, hilaren 18an

Orioko Korrika Kulturalaren barruan, Markezek azken diskoko abestiak aurkeztuko ditu martxoaren 18an, 19:30ean hasita, Kultur Etxean. Musikaria, ordea, ez da bakarrik izango oholtzan. Izan ere, Arkaitz Miner eta Iker Laurobarekin batera eskainiko du emanaldia, baita Jon Sarasua bertsolariaren laguntzarekin ere.

Hori horrela izanda, sarrerak ostegun honetan jarriko dituzte salgai, 12 euroan, Turismo Bulegoan. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango dira eskuragarri, hain zuzen. 

Hona hemen Orioko Korrika Kulturaleko egitarau osoa:

  • Martxoak 12, osteguna: Jone, batzuetan filmaren proiekzioa, 19:00etan Kultur Etxean.
  • Martxoak 13, ostirala: Harribil dantza taldearen ikuskizuna, 19:30ean, Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 14, larunbata: Salatxo abesbatzaren kontzertua, 12:30ean, Zimitorioan.
  • Martxoak 14, larunbata: Herriarteko bertsolari txapelketaren finala, 19:00etan, Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 15, igandea: 80 amandre helduentzat ipuin kontaketa, 18:00etan, Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 18, asteazkena: Mikel Markezen kontzertua, 19:30ean, Kultur Etxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide