1.100 arraunlari inguruk parte hartuko dute larunbat honetan Oriaren 32. Traineru Jaitsieran

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 5a

Ezkerretik hasita Ander Atorrasagasti, Anuska Esnal eta Jabier Etxarri, gaur eguerdian Arraunetxen. (Onintza Lete Arrieta)

Guztira 78 ontzi uretaratuko dira sei kategoritan banatuta: senior emakume eta gizonak, beteranoak, jubenilak, llagutak eta arraun inklusibokoak. Azken horiek izango dira lehiatzen aurrenak, 16:30ean hasita. OAEk lau traineru aterako ditu seniorretan. 

Dena prest da Oriaren 32. Traineru Jaitsierarako. Larunbat arratsaldean, 16:30etik hasita, ontziz eta kolorez beteko da errioa, 78 ontzi eta 1.100 arraunlari inguru ariko baitira lehian Mapiletik (Aginaga) hasi eta ia herriko zubi pareraino (Salatxo taberna aurreraino). Gaur eguerdian aurkeztu dituzte aurtengo banderak Arraunetxean Orio Arraunketa Elkarteko Ander Atorrasagastik, Anuska Esnal alkateak eta Jabier Etxarri OAE babesten duen Orialki enpresako ordezkariak. Azken horrek nabarmendu du Orialkik "pozik" lagunduko duela aurten ere jaitsieran, "lehia gainditzen duen jarduera" delako, eta "festa giroa" gailentzen delako.

Ohi bezala, sei kategoriatan banatuta jokatuko dituzte estropadak: arraun inklusiboko bi taldek emango diote hasiera jaitsierari 16:30ean Saikola paretik abiatuta, 4.000 metroko distantzia egiteko, minutu bateko tartearekin. Haien ondotik llagut ontzien txanda iritsiko da. Kataluniarrak 17:00etan abiatuko dira, distantzia bera egiteko, haiek ere minutu bateko tartearekin aterata. 11 talde lehiatuko dira kategoria horretan. 17:26ean jubenilen txanda izango da. Getariak bakarrik egingo du estropada hori.

Multzo handienaren txanda etorriko da gero: beteranoena. 30 ontzitik gorak eman dute izena lehiatzeko, eta 17:27an aterako da multzo horretako lehenengoa. Badok13 Orioko taldeak –iazko garailea– bi ontzi aterako ditu, eta Getaria ere lehiatuko da, klubaren 50. urteurreneko ospakizunak tarteko, belaunaldi desberdinetako gizon-emakumez osatutako trainerua aterako baitu. Patroi lanetan, gainera, "klubean hainbeste lan egin duen" Javier Etxabe ariko da. 

Seniorretan parte hartze garrantzitsua

Seniorrei dagokienez, ohi bezala emakumeak aterako dira aurrena Saikolatik zubirantz, 18:00etan hasita. Hamabi traineru ibiliko dira lehian, tartean Orio –azkena izango da lehiatzen–, eta iazko txapeldun Arraun Lagunak ere uretan izango da, baita Zumaia, Zarautz, Tolosa eta Donostiarra bezalako taldeak ere. Astillero ez beste talde garrantzitsu guztiak uretan izango dira. 

Gizonezkoetan, Mapilen izango dute irteera, eta 6.000 metroko distantzia egingo dute arraunean, horiek ere Salatxo pareraino. Hemeretzi ontzik eman dute jaitsieran aritzeko izena, eta Oriok iaz baino traineru bat gehiago uretaratuko du: hiru. Orio, Orio A eta Orio B. Etxekoek irabazi zuten bandera iaz, eta aurten ere, haiek izango dira faborito. Lehiakideen artean, Bermeo, Donostiarra eta Hondarribia bezalako taldeak egongo dira –Zierbenak ez du parte hartuko–, eta Getaria eta Zarautz ere lehian izango dira. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide