Ostiral honetan amaituko da herritarrek Danbolinen urteurrenaren harira bideoak egin eta bidaltzeko epea

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 4a

Danbolin musika eta dantza eskolaren eraikina.

Orioko musika eta dantza eskolak 40 urte beteko ditu aurten, eta kontzertu berezia eskainiko du maiatzaren 9an. Ekitaldi horretan herritarrek bidalitako bideoekin ikus-entzunezko bat proiektatu nahi du, eta horregatik eskatu du komunitatearen parte hartzea. 

Danbolin musika eta dantza eskolak kontzertu berezia eskainiko du maiatzaren 9an aurten 40 urte betetzen dituela ospatzeko, eta horren harira herritarrei eskatu zien bideoak grabatu eta bidal zitzatela beraien oroitzapenekin edo urteurrena zoriontzeko, ondoren bideo denak batuta kontzertuan ikus-entzunezko bat proiektatu nahi dutelako. 

Musika eskola ari da bideoak jasotzen, baina oraindik egin ez duenak ostiral honetara arteko epea daukala gogorarazi dute. Grabaketak danbolin@orio.eus helbidera bidali behar dira.

Bideoaren ezaugarriak

Musika eskolak bideo laburrak eskatu ditu, 15-30 segundo artekoak, sakelakoarekin grabatuak, eta honako gaiei buruzkoa izatea proposatzen du: pertsona horrek Danbolinekin duen oroitzapen polit bati buruzkoa; eskolak bere bizitzan izan duen garrantziari buruzkoa; zorion mezu edo desio bat urteurrenaren harira; edo instrumentuarekin zerbait jotzea, abestea edo dantzatzea, bakarrik nahiz taldean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide