Adikzioen inguruko plan integral baten beharra aldarrikatu du Orioko EAJk

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 4a

Alkoholdun edarien hainbat botila.

Mendekotasunak dituzten pertsonei orientabidea eta laguntza emateko zerbitzua aktibatu da herrian, eta hori positiboa da EAJrentzat, baina ez da nahikoa. Neurri zehatzak proposatu ditu alderdi jeltzaleak. 

Orioko EAJk ohar bidez adierazi du gustura dagoela mendekotasunak dituzten pertsonei orientabidea eta laguntza emateko zerbitzua aktibatu delako herrian. "Zerbitzu hori funtsezkoa da komunitatearentzat, eta atzerapenarekin iritsi bada ere, gizarte arazo larri horri arreta emateko aurrerapausoa da", azaldu dute.

"Garrantzitsuena da hainbeste denbora igaro ondoren, azkenean gehien behar dutenei erantzun zuzena emango dien zerbitzu bat dugula", adierazi du Noemi Ostolaza Orioko EAJko bozeramaileak. 

Dena den, talde jeltzaleak azpimarratu du zerbitzu hori ez dela isolatuta geratu behar: "Prebentzioa, esku-hartze goiztiarra eta sentsibilizazioa barne hartzen dituen plan zabalago baten barruan sartu behar da". EAJren iritziz, egindako diagnostikoak eta zerbitzu horren sorrerak jarduteko premia larria dagoela erakusten dute, "baina ez dira nahikoak berez". EAJrentzat "ezinbestekoa da estrategia argi bat ezartzea, helburu zehatzekin, gauzatze epeekin eta ebaluazio mekanismoekin".

"Zentro honen sorrera positiboa da, baina hau lehen urratsa baino ez da. Proiektu hau Orioko adikzioekin lotutako alderdi guztiak landuko dituen plan estrategiko baten parte izatea behar dugu, prebentziotik hasi eta epe luzerako tratamenduraino", gaineratu du Ostolazak.

Neurri zehatzak

Plan horrek integrala izan behar duela eta, besteak beste, honako neurriak hartu behar dituela uste du EAJk: Adikzioak txikitatik prebenitzeko hezkuntza programak eta sentsibilizazio kanpainak; esku-hartze goiztiarra, kasuak ahalik eta azkarren detektatu eta tratatzeko, larriagotu ez daitezen; eta helburu argiak dituen ekintza plan zehatza, epe luzerako ikuspegi bat emanez, tartean dauden eragileen arteko ahaleginak koordinatzeko eta horien eraginkortasuna bermatzeko.

Adikzioen aurkako borrokak "ikuspegi globala" behar duela dio Orioko EAJk, "maila guztietan zentratuko dena: prebentzioan, esku-hartzean eta jarraipenean". 

"Gaur egiten ari garen lana, zerbitzu honen sorrerarekin, hasiera besterik ez da. Baina ezin gara hor geratu. Oriok plan integral bat behar du, adikzioen lanketa serio, koordinatu eta jasangarria bermatuko duena, guztiontzako udalerri osasungarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko", nabarmendu du Ostolazak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide