Orioko Futbol Taldeak jakinarazi du Igor San Miguelek ez duela jarraituko gizonezko seniorren lehen taldea entrenatzen, eta bi aldeek adostutako erabakia izan dela azpimarratu du. Klubak "eskerrik beroenak" eman nahi dizkio aurtengo denboraldian "egindako lanagatik, erakutsitako konpromisoagatik eta profesionaltasunagatik". Bere gidaritzapean, taldeak "pauso sendoak" eman dituela esan du, eta klubaren hazkundean "ekarpen garrantzitsua" egin duela. "Igorrek gure balioak ordezkatu ditu une oro: sentimendua, apaltasuna, anbizioa eta profesionaltasuna". Haren lanak eta dedikazioak "arrastoa" utzi dutela ere esan du klubak, "bai lehen taldean bai klub osoan".
Emaitzak, ordea, ez dira aldekoak izaten ari gizonen lehen taldearentzat mailaz igo berri den denboraldi honetan. Asteburu honetan etxean partida galdu ondoren, azken bosgarren postuan da Orio, 21 punturekin –16 puntu ditu azkena den Hernanik–. Hala, etxeko gizon batek ordezkatuko du San Miguel: Oier Astigarragak.
Klubak azaldu du horrek bere ibilbide osoa klubean egin duela, aurrena jokalari, eta ondoren behe mailetan entrenatzaile gisa, eta urte hauetan guztietan "lan serioa, konpromisoa eta nortasun argia" erakutsi dituela. Klubarentzat harrotasun handia da etxeko batek hartzea lehen taldearen ardura: "Kluba barrutik ezagutzen du, jokalariak ezagutzen ditu eta gure filosofia bizi du. Baina bada zerbait bereziagoa ere: harrotasun ikaragarria da klubeko jokalari izandako bat gaur egun lehen taldeko entrenatzailea izatea. Etxeko jokalaria, etxeko entrenatzailea. Gure koloreekin hazi den norbait orain lehen taldea gidatzen ikustea gure nortasunaren isla da".
Izendapen honek "klubaren eredua indartzen du" Orioko Futbol Taldearen ustez: "Etxeko jendea, etxeko balioak eta epe luzeko proiektua".