Dagoeneko hamarkada bat baino gehiago igaro da Paradisua eta katuak obrak argia ikusi zuenetik. Hain zuzen ere, 2012. urtean aurkeztu zuten lana lehendabizikoz Bernardo Atxaga idazle asteasuarrak (Gipuzkoa) eta Jabier Muguruza musikari irundarrak (Gipuzkoa), eta urte askoren ostean, Orioko Kultur Etxeko oholtzan taularatuko dute. Gaur, 19:00etan hasiko da emanaldia, eta bertaratzeko asmoa dutenek, sarrera eskuratu beharko dute aurretik Turismo Bulegoan, 5 euroren truke.
Atxagaren sorkuntza eta Muguruzaren musika uztartzen dituen emanaldia da, hain justu, Paradisua eta katuak. Ez, ordea, beti tonu edo forma berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Batzuetan, katu kontuak aipatzen dira; besteetan, adineko andre batenak edo zeharo pozik dagoen apaiz batenak. Saioak Muguruzaren piezak eta kantuak tartekatzen ditu Atxagaren testuekin.
Urte luzeetako elkarlana
"Errezitaldi hau sortu baino lehen, dagoeneko eginak genituen Bernardok eta biok beste proiektu batzuk, besteak beste, Itzultzaile bat Parisen edota Groenlandiako lezioa. Orain dela hamar bat urte hasi ginen Paradisua eta katuak errezitaldia herriz herri eskaintzen, eta disko liburu bat ere argitaratu genuen; Donostiako zuzeneko errezitaldia jasotzen zuena, zehazki. Nik behintzat pasarte hura amaitutzat nuen, baina iazko abenduan Irundik deitu ziguten, berriz ere lana aurkezteko eskatuz. Emanaldi horren ondorioz, beste aukera batzuk sortu zaizkigu azkenaldian, tartean Oriokoa. Baiezkoa ematen ari gara, baina apur bat ustekabean harrapatu gaitu kontuak, egia esan", azaldu du Muguruzak.
Obrak jada zenbait urte izan arren, Muguruzak oraindik zailtasunak ditu lanaren sinopsia azaltzeko orduan. Hori bai, musikariak argi du obraren "ardatza" umorea dela. "Paradisua bera zer den eztabaidatzen da lan honetan, baita kontzeptu horrek pertsona ezberdinentzat zer esanahi duen ere. Apaizak azaltzen dira lanean, baita bestelako profilak ere. Gainera, tartean nire poemak eta kantak joko ditut akordeoiarekin. Gai nagusia paradisutzat zer ulertzen dugun da, eta horretarako, hainbat pertsonaren ikuspuntuak erakusten zaizkio publikoari. Baina, batez ere, umorea agertzen da. Umorea oso osagai garrantzitsua da errezitaldi honetan", gehitu du irundarrak.
Bikoteak urte asko daramatza elkarlanean, eta era askotako kolaborazioak egin dituzte. "Bernardorekin mila lan egin ditut, eta haren poemetatik edo hitzetatik abiatutako abesti ugari ditut. Hain harreman pertsonal-artistiko luzea dugunez, konfiantza sortu da gure artean, jakina, eta horrek erraztu egiten du lankidetza, baita elkarrekin bidaiatzea ere. Izan ere, errezitaldi hau Euskal Herrian ez ezik, Valentzian, Bartzelonan edota New Yorken ere aurkeztu izan dugu. Alde horretatik, bada sintonia eta kidetasun bat bion artean. Maila artistikoan ere, biok gustura ibiltzen gara, zeren hamarkadak daramatzagu elkarrekin lanean", esan du Muguruzak.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak 2025eko NIE saria eman zion bikoteari urtarrilaren 29an, bi sortzaileen ekarpen linguistiko, artistiko eta kulturala aitortzeko asmoarekin. Ekitaldian, besteak beste, 1992. urtean sortutako Arraroa noski kantuaren ekarpena azpimarratu zuen elkarteak, izan ere, "ereserki" bat bilakatu da haientzat. "Aspaldiko kolaborazioa izan zen abesti hura, baina hortxe jarraitzen du, eta jendearentzat garrantzitsua da oraindik", dio Muguruzak.