Mutiozabal Txoren ontziolak eta Euskal Itsas Museoak elkarlanean, Ontzigile egun batez jarduera antolatu dute ekainerako. Ekintza horren bitartez, gaztetxoek egun batez ontzigile bilakatzeko aukera izango dute, eta familia giroan, ala ontzia eraikiko dute.
Egitasmoa Orioko eta Donostiako bi espazioek sortu dute. "Modu batera ala bestera, elkartuta daude Euskal Itsas Museoa eta Mutiozabal. Izan ere, Mutiozabal ez da museo bat, baina itsas ondarea lantzen duen espazio bat da, eta oso modu naturalean sortu da bien arteko elkarlana. Hain justu, aspalditik genuen pentsatuta ekintzaren bat elkarrekin antolatzea. Euskal Itsas Museoak familia eskaintza potentea izaten du urte osoan zehar, eta guk, egia esan, momentu puntualetan eskaintzen ditugu jarduerak, itsas ondarearen inguruko jardunaldiak edota herriko agendaren barrukoak, esaterako", kontatu du Eider Arruti Mutiozabaleko arduradunak.
Ontzigile egun batez
Mutiozabal Txoren ontziola Albaolak Orion bultzatutako proiektu pedagogikoa da. Espazioaren helburua da gazteei erriberako arotzeriako funtsezko teknikak ezagutzeko aukera ematea. Ikasleei, gainera, teknologia digitaletik urrun dauden jarduerak probatzeko aukera ematen diete, zura bezalako materialekin eta tresna tradizionalekin harreman zuzena landuz.
Mutiozabal Txoren ontziola XIX. mendeko ontziola tradizional batean dago, Oria ibaiaren ertzean kokatuta. Euskal Itsas Museoa, aldiz, Donostiako portuan aurki daiteke, eta itsas ondareari balioa emateko gune bat da, ondare hori modu parte hartzaile, berritzaile eta hurbilean ezagutu ahal izateko, zehazki.
Museoak programazio parte hartzailea eta kolaboratzailea eskaintzen du, eta ezagutza zabaldu nahi duten kolektiboek bultzatutako jarduerak jasotzen dituzte bertan. Hau da, museo ireki eta hurbilaren ereduari jarraitzen dion zentroa da, itsasoarekiko harreman afektiboaren bidez ezagutza lortzen laguntzen duena.
Beraz, Ontzigile egun batez jardueraren bitartez, bi espazioen publikoak bateratuko dituen jarduera bat sortu nahi izan dute. Horretarako, bi fase dituen tailer bat antolatu dute, Orion hasi eta Donostian amaituko dena, hain justu. "Guk, Mutiozabalen, 1:20 eskalako ontziak eraikitzen ditugu ikasleekin, eta batzuetan saioak motzegiak direla iruditzen zaigu. Izan ere, denbora gehiago igaro nahiko genuke haurrekin, baita ekintza gehiago egin elkarrekin ere. Egoera horren aurrean, proposamen bat aurkeztu genien, tailerrak xehetasun gehiagorekin lantzeko asmoz".
Ikastaroaren barruan eskainiko duten lehenengo saioa ekainaren 6an egingo dute, larunbatarekin, Orioko Mutiozabal ontziolan, eta bigarrena, aldiz, ekainaren 20an, Donostiako Euskal Itsas Museoan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, "ezinbestekoa" da bi saioetara joatea; izan ere, lehengo fasean sortutako piezak bigarrengoan amaituko dituzte.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, eta horretarako, interesdunek galdetegi hau bete dezakete. Ikastaroaren prezioa 3 eurokoa da, eta plazak mugatuak dira. Informazio gehiago eskuratzeko, 943-43 00 51 telefono zenbakira deitu daiteke.