Balearen Eguna ospatuko da Orion maiatzaren 16an, larunbatarekin, eta jai horretarako kartela osatzeko lehiaketa antolatu dute. Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 19ra arte, eta parte hartzerako garaian, bi multzo bereiziko dituzte: gaztetxoena –18 urtetik beherakoak–, eta helduena, –18 urtetik gorakoak–. Helduen multzoko irabazlearena izango da, hain zuzen, aurtengo Balearen Eguneko kartela. Hori ez ezik, irabazleak 300 euroko saria jasoko du, baita herriko saltokietan gastatzeko 150 euroko bonua ere. Gaztetxoen multzoko irabazleak, aldiz, 100 euroko saria jasoko du, baita 100 euroko bonua ere, herriko saltokietan gastatzeko.
Hori horrela izanda, hurrengo ezaugarriak izan beharko dituzte aurkeztutako lanek. Formatuari dagokionez, edozein kolore edo eratako lanak onartuko dituzte, besteak beste, argazkia, collagea edo pintura. Lanen neurriak, aldiz, A3 neurriko formatu digitalizatu batekoak izan beharko dute (PDF edo JPG formatuan, 300 ppp-ko bereizmenarekin) eta, hala nahi izanez gero, A3 neurriko euskarri fisikoan (62 x 88 cm-ko proportzioarekin) ere aurkeztu ahalko dira. Gaztetxoen taldeak, berriz, A4 neurriko euskarri fisikoan (21 x 29,7 cm-ko orrialdean) aurkeztu beharko ditu proposamenak. Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du, eta lanak inoiz argitaratu gabeak izango dira.
Gainera, karteletan nahitaez azaldu beharko du "Balearen Eguna 2026. Maiatzak 16" tituluak. Gaztetxoen taldean, parte hartzaileen adinaren arabera, salbuespena egingo da.
Lanak aurkezteko bi bide posible izango dituzte herritarrek. Alde batetik, bertsio digitalean aurkeztu ahalko dute kartela, orio.eus atarian erregistro elektroniko bidez, eskaera orokorra eginda. Beste aldetik, bertsio fisikoan egiteko aukera izango da, Orioko Udaleko harreran, gutun azal batean sartuta. Lanak bidaltzeko azken eguna martxoaren 19a izango da, 12:00etan. Egileak kartela aurkezterakoan, hurrengo datuak ere eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa, posta elektronikoa eta NAN zenbakia. Halaber, helduen ala gaztetxoen kategorian parte hartuko duen zehaztu beharko du.
Sariei dagokienez, helduen taldeko irabazleak 300 euro eta 150 euro bonuetan jasoko ditu. Gaztetxoen taldeko irabazlearentzat, berriz, 100 euro eta 100 euro bonuetan banatuko dituzte. Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate mailarik ez badute. Epaimahaia udaleko bi zinegotzik, alkateak eta herriko artista batek osatuko dute, eta honako irizpide hauek izango ditu kontuan: originaltasuna, estetika, ekitaldiarekiko harremana, koloreen aukeraketa, sormena eta diseinua. Hala, epaimahaia martxoaren 24an bilduko da, 13:00etan, lanak aztertzeko eta irabazleak hautatzeko. Horiek martxoaren 26an jakinaraziko dituzte, zehazki.
Saritutako lanak udalaren esku geldituko dira eta, argitaratzeko, ezagutarazteko eta abarretarako eskubide guztiak izango ditu. Ez dira onartuko adimen artifizialarekin egindako lanak. Proposamenen bat adimen artifizialarekin sortua dela frogatuz gero, lehiaketatik kanpo geratuko da. Lehiaketara aurkezteak oinarri arautzaileak goitik behera onartzea dakar.