Elkarri lotutako lau gune bereizi izango ditu Andra Marik

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 16a

Orioko Herri Ikastola aurreko plazak itxura hori izango du anbulatoriora begira jarriz gero. Berdeguneak, iturriak, eserlekuak... edukiko ditu. (Orioko Udala)

Gaur egungo plaza mantendu eta beste hiru osagarri gehituko dizkiote. Gune bakoitzak bere euri urak jasoko ditu. Lanak aurten hastea espero du Orioko Udalak.

Zehaztu dute Orioko Andra Mari gunerako hirigintza proiektua: gaur egungo espazioak berrantolatu eta lau plazatxo sortuko dituzte, elkarrengandik bereizita, baina, aldi berean, lotuta, bai bisualki, bai oinez batetik bestera igarotzeko. Plaza nagusia gaur egungo bera izango da, Orioko Herri Ikastolaren aurrean dagoena, eta hor egongo dira agertokia eta harmailak. Gainerakoak osagarriak izango dira: horietako bat anbulatorio aurrean kokatuko da, kiosko txiki bat edukiko du eta eguneko zentroarekin lotuko dute; beste bat Andra Mari eta ikastolako sarreraren artean kokatuko dute, aldapa kendu eta dena altuera berean jarrita; eta arranplari lotutakoa izango da laugarren gunea edo plaza. Azalera bertsua mantenduko du gune osoak, baina itxura berria izango du.

Zuhaitzak, landareak eta iturriak izango dira protagonistak. Azken horiek, esaterako, gune guztietan egongo dira. Gaur egun ez bezala, eremu bakoitzak jasoko ditu bere euri urak, eta bonba bidez jasoko dituzte Andra Mari kalekoak.

Arranplan eskailerak eta eguzkia hartzeko tokia jarriko dituzte. (Orioko Udala)

Udalak espero du laster argitaratu ahal izango duela obren lizitazioa, baina Europako Batasuneko diru laguntza batzuk eskatuta ditu. Laguntza horien baldintzetako bat da lanak hasi gabe egotea, eta horregatik ez dituzte hasi oraindik. Oinarriak prest ditu udalak, baina laguntza horien xehetasunak jakin nahi ditu lanak lizitatu aurretik, aldaketaren bat egin behar balitz ere.

Herritarrek bost proiekturen artean gustukoena bozkatzeko aukera izan zuten iaz, eta azaro amaieran jakinarazi zuen udalak zer proiektuk lortu zuen puntu gehien –herritarrena eta udal teknikariena batuta–. Orain, behin betiko proiektua aurkeztu die udalak herritarrei. Ostiral iluntzean Kultur Etxean egin zuten agerraldia Olatz Santamaria alkateorde eta Hirigintza zinegotziak eta proiektua diseinatu duten David Camacho eta Enric Mas arkitekto kataluniarrek. Amaieran, Pilar Azurmendi udal arkitektoak ere hartu zuen hitza, proiektuaren alderdi teknikoez hitz egiteko.

Ikastola eta Andra Mari arteko guneak izango duen itxura eremua berregituratutakoan. (Orioko Udala)

Natura eta jolasa

Camacho eta Mas arkitektoek batez ere hiru elementuri eman diote garrantzia proiektua osatzerakoan. Batetik, guneak gaur egun duen jolastoki izaera mantendu nahi dute. Bestetik, naturaren elementua indartu nahi izan dute, Oria ibaiaren presentzia abiapuntu hartuta. "Ibai bati lotutako hiri-esperientzia" ikusten dute Orion "beste hiri askotan bezala", eta "ingurune zoragarri horri" etekina ateratzen saiatu dira. Hirugarrenik, lotura sortu nahi dute gunea erabiltzen duten "gizarteko estratu desberdinen artean", gaur egun ez baitute halakorik ikusten. Gune horretan kokatzen da, esaterako, Orioko eguneko zentroa.

Etorkizunean pentsatzearen garrantziaz ere mintzatu ziren arkitektoak. "Orioren gertuko historian, momentu batean, berdeguneak desagertu egin ziren herrigunetik, eta orain, aukera izan dugu toki horiek birpentsatzeko, eta geure buruei galdetzeko ea zer paper eduki behar duten hormigoiak eta berdeguneek gure herrian".

Anbulatorio aurrean kiosko txiki bat jartzea da asmoa. (Orioko Udala)

Kataluniarrek zuhaitzez eta berdegunez betetako eremua proposatzen dute, baina, aldi berean, Andra Maritik arranplara begiratuta, paisaia oztopatzen duten elementurik gabea.

Kataluniarrek zuhaitzez eta berdegunez betetako eremua proposatzen dute, baina, aldi berean, Andra Maritik arranplara begiratuta, paisaia oztopatzen duten elementurik gabea.

Hiru zoru mota

Zoruari ere garrantzi handia eman diote, eta hiru motatakoak planteatu dituzte: zoru normala, gogorra, pasarakoa izango da, toki batetik bestera mugitzera gonbidatzen duena; zoru biguna jolasteko eta bestelako erabileretarako izango da, esaterako, atseden hartzeko, hainbat eserleku jarriko dituztelako; eta belarra edo berdegunea izango da hirugarrena, espazioak bereizi, eta, aldi berean, definitzeko.

Gune garrantzitsuenak

Andra Mari eremuko erdigunea gaur egungo bera izango da: ikastola aurreko plaza. Agertokia edukiko du, eta harmailak, baita iturria ere. Ertz batean jolasteko zenbait elementu edukiko ditu, esaterako eskalatzeko tokia eta txirrista. Eguneko zentroaren aurrean kiosko txiki bat ere planteatu dute arkitekto kataluniarrek.

Beste gune garrantzitsua, zalantzarik gabe, arranplakoa izango da. Gaur egungoa mantendu egingo dute, baina ondoan eskailerak edukiko ditu, baita solariuma ere, eguzkia etzanda hartzeko harrizko tokia. Dutxak ere jarriko dituzte.

Euri urak jasotzea

Andra Mari guneak edukiko duen itxura berritua garrantzitsua da, baina ez dute garrantzi txikiagoa ikusiko ez diren aldaketek. Izan ere, herriko puntu baxuenak dira Andra Mari eta Balea kaleak, eta urteak daramatzate urarekin arazoak izaten, urak gainez egiten duelako han, batez ere marea goian dagoenean eta euri asko ari badu. Horregatik, obra horiek egiten dituztenean "aurreneko aldiz" euri ura bonbeatzen hasiko dira inguru horretan. Ez da aldaketa bakarra izango, gaur egun gune osoko ur guztia Andra Marira joaten delako, baina proiektua amaitutakoan, lau plazek jasoko dutelako beren euri ura. Urak gainez egitea eragozteko, kotekin ere jokatu dute arkitektoek, eta hala, Andra Mari kalea gorago egongo da.

Obrak aurten hastea aurreikusten du udalak. Martxoan jakingo dute diru laguntza lortu duten ala ez –lortzen ez bada ere berdin-berdin egingo du proiektua udalak–, eta udal arkitektoak azaldu zuen behin lanak hasitakoan "pazientzia" beharko dutela herritarrek, lan guztiak ondo koordinatuta egin behar direlako, eta, aldi berean, erabilera guztiak bermatu behar direlako -eskola, eguneko zentroa eta bizilagunen sartu-irteerak, kasurako–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide