Gaur arratsaldetik aurrera izango dira eskuragai 'Paradisua eta katuak' errezitaldirako sarrerak, Turismo Bulegoan

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 12a

Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga. (utzitakoa)

Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak otsailaren 20an taularatuko dute errezitaldi musikatua, Kultur Etxean. Bertaratzeko interesa dutenek, gaur arratsaldetik aurrera izango dituzte sarrerak salgai, 5 euroren truke, Turismo Bulegoan.

Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Paradisua eta katuak errezitaldi musikatua taularatuko dute otsailaren 20an, ostiralarekin, Kultur Etxean. Hain zuzen ere, iluntzeko 19:00etan hasiko da emanaldia, eta bertaratzeko asmoa dutenek, gaur arratsaldetik aurrera izango dituzte eskuragai sarrerak, 5 euroren truke, Turismo Bulegoan. 

Bernardo Atxagaren sorkuntza eta Jabier Muguruzaren musika uztartzen dituen emanaldia da Paradisua eta katuak.  Ez, ordea, tonu edo forma beti berdinekoa, osagarri baititu hainbat atal berezi: ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak. Batzuetan, katu kontuak aipatzen dira; bestetan, adineko andre batenak edo zeharo pozik dagoen apaiz batenak. Hala, saioak Jabier Muguruzaren piezak eta kantuak tartekatzen ditu Bernardo Atxagaren testuekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide