Abenduan landatu zituzten 400 zuhaitz autoktono kirol portu aurrean, bi hektareako berdegunean. Urte luzez saiatu izan da udala bertan dunak berreskuratzen, baina gunea ez da lehengoratu, eta hala, Herrio natur taldearekin hitz egin ondoren, eremu hori aterpe klimatiko bihurtzea pentsatu zuten, hau da, zuhaitz eremu bat, itzala eta arnasa emango duena. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Naturklima fundazioa izan dituzte bidelagun horretan, eta gaur eguerdian elkartu dira bateko eta besteko ordezkariak bertan, babesleku berria inauguratzeko. Tartean izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidentea eta Xabier Esteban Naturklimako zuzendaria.
Orioko aterpea Gipuzkoako klima-babeslekuen sarearen parte bihurtu dela azaldu dute gaurko agerraldian. Sare hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima klima aldaketaren fundazioak sustatzen dute, eta esku hartzeak 14.278 euroko inbertsioa izan duela zehaztu dute. Naturklimako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez finantzatu dute.

Sare horretan Donostia, Azkoitia, Legazpi, Arrasate, Irun, Legorreta, Hernani eta Idiazabal daudela esan dute, eta zabaltzen jarraitzen duela, "lurralde osoan estaldura orekatua bermatzeko".
Herritarren ongizatea helburu
Klima aldaketaren aurrean halako esku hartzeek herritarrentzat duten garrantzia azpimarratu du Asensiok: "Babesleku klimatikoak funtsezko tresna dira herritarren osasuna bero-boladen aurrean babesteko, bereziki kolektibo ahulenen kasuan. Oriokoa bezalako proiektuekin, lurralde berdeago, bidezkoago eta klima aldaketaren ondorioen aurrean hobeto prestatuago baterantz aurrera egiten dugu".
Esnalek gogorarazi du Orioko Udalak hainbat saiakera egin dituela kirol portuaren ondoko duna eremua lehengoratzeko, baina azken hamarkadetako esku-hartzeek ez dutela eman esperotako emaitza. "Testuinguru horretan, aterpe klimatiko hau sortzea urrats garrantzitsua da ingurune naturala berreskuratzeko eta klima aldaketaren aurrean erantzuteko. Eta baita orain arte erabilera mugatua zuen eremua biziberritzeko eta herritarren eskura jartzeko ere", nabarmendu du. ·
Horrez gain, aterpe klimatiko berriak hainbat onura dituela nabarmendu dute: lurzorua babestea, biodibertsitatea hobetzea, konektibitate ekologikoa indartzea, klima-aldaketara egokitzea, airearen kalitatea hobetzea eta gizartea elkartzeko gune bat sortzea. "Gainera, modu osagarrian laguntzen du klima aldaketa arintzen, landaretza handitzeari eta karbono dioxidoa finkatzeari esker".
Borondatezko Karbono Funtsa
Tresna aitzindaria dela azaldu dute, eta karbonoa xurgatzeko, leheneratze ekologikorako eta klima aldaketara egokitzeko tokiko proiektuetara bideratzen dituela inbertsioak. Funts horri esker, jarduera eraldatzaileak bultzatzen ari dira hainbat udalerritan, lurraldeko azpiegitura berdea indartuz eta herritarrentzako zuzeneko ingurumen, gizarte eta klima onurak sortuz.