Andra Mariko eremuan egingo den behin betiko hirigintza proiektua aurkeztuko dute otsailaren 13an, ostiralarekin, 19:00etan Kultur Etxean. Proiektua Estudi Local d'arquitectura bulegoak landu du, eta horren nondik norakoak azalduko dizkie herritarrei David Camacho eta Enric Mas arkitektoek.
Andra Mari plaza jolaserako erabiltzen dute haurrek, eta ostegunetako azokak ere bertan du kokalekua, baita urte osoan antolatzen diren hainbat ekitaldik ere. Hala, espazio honen erabilerak identifikatuta, gunea "berrantolatu eta egokitzeko erabakia" hartu zuen udalak, "egunerokoan eta ekintza puntualak antolatzen direnean sortzen diren beharrei hobeto erantzuteko", hain zuzen. Hori ez ezik, proiektuak beste helburu bat duela argitu du udalak, hau da, "inguru horretan ohikoak diren uholdeak saihesteko estolderia eta euri uren bilketa berrantolatzea".
Udalak 2024ean arkitektura bulegoei zuzendutako ideia lehiaketara zortzi proposamen aurkeztu ziren, eta horien bideragarritasuna aztertu ondoren, hiru baztertu eta beste bostak baloratu zituzten. Ondoren, 2024ko azaroan, parte hartze prozesua abian jarri zuten, eta bost proiektuak ikusgai jarri zituen hiru astez, jarraian, herritarrek gustukoen zuten proposamenaren aldeko bozka eman zezaten.
Epaimahaiaren eta herritarren puntuazioak batuta, Atzera begiratu aurrera egiteko proposamenak irabazi zuen deialdia, eta udala egileekin harremanetan jarri zen behin betiko proiektua definitu zezaten.