Orioko gizonezkoen traineruko Iker Zabala entrenatzailea gustura da negu partean taldea egiten ari den lanarekin. Eta ez da gutxi, norbait exijentea baldin bada arraun munduan, hori bera delako, iazko denboraldian Kontxa eta Eusko Label liga irabazi zituen arren bere taldeak. Etxeko lanarekin pozik den bezala, arraun munduarekin ezkorrago azaldu da: "Arraunak topea jo du, eta urtetik urtera beheraka doa maila. Aurten beste koska bat beherago ikusiko dugu arraun mundua", dio.
Baja gutxi eta alta asko dituzue aurten taldean, ezta?
Iaztik bi baja izan ditugu, Asier Carballedarena eta Ibon Arruti Aldaperena. Donostiara joan da Carballeda, eta arrauna utzi du Aldapek. Gainerako guztiek jarraitu egingo dute. Etorri direnei dagokienez, Jon Mujika, esaterako, hamahiru urtez geldirik egon ondoren berriz hasi da arraunean, Diego Lopez galiziarra Urdaibaitik etorri da, Joseba Rodriguez oriotarra San Juanen zebilen eta etxera bueltatu da, eta azkenik, San Pedrotik Ibai Gonzalez eta Jon Jauregi etorri dira.
Ez dira inkorporazio gutxi...
Ez, baina gakoa da iazko taldea mantentzen dela. Eurak izan dira txapeldunak, ia guztia irabazi duten arraunlariak, baina urtero sartu behar da jende berri pixka bat, bestela normalean jaitsi egiten delako exijentzia maila. Orain, traineruan postua lortzeko lehia gogorra dago.
"Aurten B traineruan iaz baino oriotar gehiago egongo dira.
Albiste oso ona da hori"
Bigarren taldetik norbait igo al da?
A taldean 25 arraunlari ditugu, eta B taldean 16-17 arraunlari. Nahiko kopuru polita da, eta hiru traineru aritzen gara jo eta su. Jubeniletatik ere 4-5 arraunlari igo dira seniorretara nahiko maila politarekin, eta beraz, aurten B traineruan iaz baino oriotar gehiago egongo dira. Albiste oso ona da hori.
Nola doa neguko lana? Jaitsiera bat edo bi izan dira, baina zuek ez duzue parte hartu horietan.
Portugaletekoa eta Kaikukoa jokatu dituzte, eta neskak eta B ontzia lehiatu dira. Guk hilaren erdian debutatuko dugu Bermeoko Jaitsieran, eta gogotsu gaude. Negua oso ondo doa, eguraldi aldetik ere nahiko leuna ari da izaten, eta taldea gogotsu eta oso ondo ikusten dut. Esan bezala, postuak garesti daude, eta ikusten dut arazoak izango ditudala alineazioak ateratzeko; baina arazo oso ona da hori.
Lehiatzen hasi ez arren, zer sentsazio dituzue?
Entrenamenduetan ikusten da iaz egindako lana. Oraindik ez dakigu trainerua azkarrago ala mantsoago doan, baina teknikoki iaz baino hobeto gaude momentu honetan.

Iaz horixe nabarmentzen zenuen, hau da, urtebetean ezin zela makinaria osoa ehuneko ehun perfekto jarri. Aurtengo helburua hori da?
Aurtengo helburua da iaz baino azkarrago ibiltzea, baina horrek ez dizu ziurtatzen irabaztea; zu iaz baino arinago ibili arren, eta iaz sekulako denboraldia egin arren, aurten besteak azkarrago baldin badabiltza... Horregatik, gure asmoa da aurkariak albo batera utzi eta gure lanarekin jarraitzea eta uretan iaz baino azkarrago ibiltzea. Uste dut lortuko dugula.
Oraindik urrun egon arren, traineru denboraldia Madrilen hasiko da aurten aurreneko aldiz. Zer iruditzen zaizu berrikuntza?
Asteburu osoa igaroko dugu Madrilen baina egun bakarrean lehiatuko gara, eta hori da alde ezkorra, bat esatekotan. Penagarria da, behin hemendik kanpora irtenda, orain arte bezala normalena delako estropadak larunbatean zein igandean egitea. Arrazoiren bat egongo da igandean bakarrik lehiatzeko, baina ez dakigu zein den. Gainerakoan, esan digute toki polita dela. Berria izango da denontzat, eta positiboa iruditzen zait horrelako liga bat noizik eta behin kanpora ateratzea.
"Uretan iaz baino azkarrago ibiltzea lortuko dugula uste dut"
Etxeko jaitsiera, berriz, martxoan izango da aurten, otsailean beharrean.
Bai. Otsailaren 14an Bermeoko Jaitsiera izango da, martxoaren 1ean Castrokoa, martxoaren 7an Oriokoa, eta handik astebetera, Pasai San Pedrokoa. Denak segidan datoz, eta martxoa nahikoa potentea izango da aurten.
Orduan ikusiko da nola dabilen traineru bakoitza, baina oraingoz, zer tankera hartu diezu?
Batzuk hasi dira lehian; nire ustez, goizegi. Udan beti esaten dugu estropada gehiegi daudela eta denboraldia murriztu egin behar dela, baina gero, jendeak urtarrilean nahi du lehiatu. Kontraesana dago hor. Baina martxoan ikusiko da, bai, gutxi gorabehera, udan nor ibiliko den goian, eta nor ez. Oraingoz zer ari naizen ikusten? Azken urteetan esaten ari naizen gauza bera esango dut; gero eta maila baxuagoa dagoela, eta uste dut aurten beste koska bat beherago ikusiko dugula arraun mundua.
Zertan neurtzen da hori?
Sentsazioak dira batetik, eta bestetik, taldeen lanketak ikusi besterik ez dago: lehen traineru gehiago ikusten ziren landuta, lau-sei traineru egoten ziren estropada irabazteko gai; gaur egun, bat edo bi izango dira gai. Ikusten da azken hogei urteetan beheko kategorietan lanketa gutxiago egiten dela, eta hori seniorretan nabaritzen da, mutilak ez direlako behar bezalako prestaketa eginda igotzen; ondorioz, arraunlarien kalitatea ere jaisten ari da. Faktore gehiago ere badaude, esaterako, lehen arraunlari gehiago zeuden klubetan eta gora zein iritsi aukeratzea zegoen. Kontuak kontu, emaitza da traineruak gero eta motelago doazela uretan. Arraunak topea jo du, eta urtetik urtera beheraka doa maila. Badakit jende asko dagoela nik diodanaren kontra, baina hau da nire iritzia, eta gainera, baditut hori baieztatzeko datuak.
"Aurten beste koska bat beherago ikusiko dugu arraun mundua"
Klubetan gero eta arraunlari gutxiago dagoela esan duzu. Arraunetxera animatu beharko dituzu herriko neska-mutilak...
Zalantzarik gabe. Beldurrik ez izateko eta arrauna probatzeko esango nieke bai herrikoei, bai beste herrietakoei. Hemen sekulako instalazioak ditugu, eta denontzat dago lekua, bai oriotarrentzat, bai kanpotik datozenentzat. Neskak eta mutilak behar ditugu, gazteak nahiz zaharrak –beteranoak ere hor daude–, eta deialdi horixe egingo nuke.
Lehen jendea zuk ezer egin gabe etortzen zen arraunera; orain guk jo behar izaten dugu eskoletara-eta, jendea erakartzeko. Pentsa, nahiz eta iaz sekulako denboraldia egin zuen Oriok gizonezkoetan eta emakumezkoetan, arraunera ez da jende asko etorri. Horrek esan nahi du gaur egun arraunaren mundua ez dela hain erakargarria eta zerbait egin beharra dagoela. 150 fitxa ditugu aurten, baina hemen jende gehiago kabitzen da. Etxe barruan ere badugu zer hobetua, eta ari gara pausoak ematen, klub hau jende gehiagorekin bete behar delako.