Pelotari kaleko zabor edukiontziak kendu, eta aparkalekuak sortuko ditu udalak

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 3a

Pelotari kalean gaur egun dauden lurpeko edukiontziak. (Guka)

Udala hasi da lurpeko edukiontzien guneak kentzen Palota kalean eta Bikamiotan, eta lehenengo faseko lanak amaitutakoan, bigarrena lantzeari ekingo dio.  

Aurreko egunetan jakinarazi bezala, Orioko Udala aldaketak egiten hasi da zaborra jasotzeko edukiontzien guneetan. Lurperatutako edukiontziak kendu, eta airekoak jartzen ari da, eta horiei buruzko xehetasunak eman berri ditu. 

Palota kalekoari dagokionez, aurreko astean Gukak erakutsi bezala, lurpeko zaborgunea desmuntatu dute, eta eremua ixteko lanak egin dituzte. Errepidea zabala denez, aireko zaborrontziak bertan kokatu dituzte jada, "etxebizitzetatik urrun", eta motoentzako aparkaleku berria jarri dute gune zaharraren ondoan. Eremu horretan espaloia zabalagoa izango da lanak amaitzen dituztenean. Datozen asteetan bukatuko dituzte lan horiek.

Bikamiotan ere hasiak dira lurpeko eremua desmuntatzen. Edukiontzien gunea biribilgunearen mendebaldera mugitzeko asmoa zuen udalak, baina eremuaren ezaugarriak eta egokitasuna aztertu ondoren, aireko edukiontzi berriak egungoen kokalekuan mantentzea erabaki du. Edukiontzi berriak errepideko kotan jarriko dituzte, "erosoagoak izan daitezen", eta ahal den neurrian, hondartzako bidearen alboan kokatuko dituzte. Lanak martxan direnez, Bikamiotako zaborgunea ez da erabilgarri egongo zenbait egunetan.

Pelotari kalekoa kendu egingo dute

Guneren bat desagertu egingo dela ere jakinarazi du udalak. Zehazki, Pelotari kalearen iparraldekoa, "inguruko zaborguneetatik hurbil dagoelako eta jasotze-maiztasuna baxua delako". Udalak iragarri du haren lekuan aparkalekua jarriko duela, eta datozen egunetan hasiko dituztela lanak.

Bizkarreneko etxearen atzealdeko guneari buruzko informazioa ere eman du udalak. Hango edukiontziak Kofradia Zaharra zegoen eremuko aparkalekuetara lekualdatuta daude dagoeneko, eta datozen asteetan, hainbat neurri hartuko dituzte edukiontziak babesteko (haizeteen ondorioz mugitu ez daitezen). Hala, eremuaren egokitzapena diseinatzen ari da udala.

Udalak jakinarazi duenez, Bizkarreneko etxearen atzealdeko eremua Pelotari kaleko lanak amaitu ondoren txukunduko du. "Beirarentzako lurpeko edukiontzia bertan mantenduko da, eta berdegune txiki bat sortuko da", gaineratu du.

Lehen faseko lanak dira aipatutako guztiak, eta "horiek amaitu bezain pronto", datozenak zehaztuko dituela esan du udalak, eta "orain arte bezala", proiektuaren "etengabeko lanketa eta berrikuspena" egiten jarraituko duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide