Herrian zamalanetarako gordetako hainbat eremu daude, eta gune horietako bakoitzak ordutegi ezberdin bat izan du orain arte. Eremu horien erabilera errazteko, ordutegiak bateratzeko erabakia hartu du udalak, eta aurrerantzean, bi ordutegi hauetako bat izango dute.
Alde batetik, egunero, 24 orduz zamalanetarako erreserbatutako guneak izango dira. Hain zuzen ere, txistulari kalean, Iturbide kalean (Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren ondoan), hondartzako eremuan (Orio Kanpinaren sarreran) eta Ixarra kalean (Arrantzale eta Eusko Gudari kalearen artekoa) aplikatuko da ordutegi hori.
Beste aldetik, ordutegi konkretu baten bidez funtzionatuko duten eremuak izango dira. Gune horiek astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara erabili ahalko dira, eta larunbatetan, berriz, 08:00etatik 14:00etara.
Ordutegi berria iragartzen duten seinaleak egunotan jarriko dituzte, eta une horretatik aurrera, ordutegi berria errespetatu beharko dute ibilgailuek. Dena den, datozen bi asteetan "malgutasunez" jokatuko dutela argitu du udalak, eta zamalanetarako gordetako eremuetan aparkatutako autoei ohar bidez jakinaraziko zaie aldaketa.