Oskar Alegria zuzendariaren Oteiza 14 apostolu bideoa estreinatuko dute urtarrilaren 30ean, ostiralarekin, Kultur Etxean. Emanaldia iluntzeko 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Proiekzioaren ostean, zuzendariak ikus-entzuleen galderak erantzungo ditu.
Zuzendari iruindarrak Danok Oteiza egitasmoaren barruan sortu du Oteiza 14 Apostolu bideoa. Ekimen hori Jorge Oteiza Fundazio Museoak aurkeztu zuen iazko udazkenean, eta artistaren ondare artistiko eta intelektuala zabaltzeko eta haren pentsamenduarekin bat egiten duten pertsonen arteko komunitatea sustatzeko helburua du, hain justu.
Hala, ikus-entzunezkoan artearen eta kulturaren arloko 14 pertsonak hartuko dute hitza, "Oteizaren ideien inguruko friso kolektibo bat osatzeko". Besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer elkarrizketatu ditu Alegriak. "Oteizaren pentsamendua gaurkotasunetik irakurtzeko proposamen aberatsa eskaintzen du, ahots eta begirada anitzen bidez", kontatu du udalak obraren inguruan.
45 minutuko iraupena izango du proiekzioak, eta Japonian, Txilen, Londresen, Parisen eta Arantzazun filmatu zen.