Orioko Udalak herriko zaborren bilketa sistema eguneratuko du aurten, izan ere, hainbat "gorabehera" izan dituzte azken urteetan gai horri lotuta. Hala, egoera horren aurrean, udalak bi helburu nagusi finkatu ditu: alde batetik, egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzea, eta bestetik, edukiontziek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzea.
Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Orioko zabor guztien kudeaketaren ardura hartu zuen 2018 eta 2019 urteen artean. Hain zuzen ere, udal elkarteak lurpeko edukiontziak ezarri zituen herrian, baina egokitzapenaren ondorioz, edukiontziak sartu eta ateratzeko mekanismoak askotan matxuratu egin dira, edukiontziek gainezka egitea eraginez. Hori ez ezik, konponketen kostuei aurre egitea ere ez da erraza izan udalarentzat, izan ere, kasu askotan piezak lortzeko zailtasunak izan ditu hauek "deskatalogatuta" egoteagatik.
Hori horrela izanda, egoerari "behin betiko konponbidea" emateko asmoz, herriko edukiontzien guneen mapa berria osatu dute, puntu bakoitzeko beharrak kontuan hartuta. Hain zuzen, aste honetatik aurrera edukiontzien guneak egokitzeko lanak jarriko dituzte martxan. Bi modutan egokituko dituzte guneak: kasu gehienetan, lurrazpiko edukiontziak airekoengatik ordezkatuko dituzte kokalekuan bertan, eta beste batzuetan, gune berriak antolatuko dituzte.
Aldaketak herriko edukiontzien eremuetan
Dagoeneko herriko edukiontzien egokitzapenak hasita, aldaketak izango dira zenbait auzo eta kaleetan. Esaterako, Bizkarreneko etxearen atzealdean lurpeko edukiontziak tapatu eta aireko edukiontziak jarri zituzten iazko uztailean. Eremu horretan sortzen diren "zailtasunak" ikusita, eta "oinezkoen ikusgarritasuna bermatzeko", gune hau Kofradia Zaharra zegoen inguruko aparkalekuetara mugituko dute. Aldiz, martxan dagoen beirarentzako lurpeko edukiontzia bere horretan mantenduko dute, eta aldi berean, inguru osoa berrituko dute, berdegune txiki bat jarriz.
Bikamiotan eta Pelotari kalearen iparraldean dauden lurpeko edukiontzien guneak, berriz, itxi egingo dituzte. "Bi gune hauek elkarrengandik hurbil daudenez, bateratu egingo dira, eta biribilgunearen mendebaldean edukiontzien eremu berri bat jarriko da, aireko edukiontziekin", azaldu du udalak.
Palota kalean, haurreskolaren aurrean dagoen lurpeko edukiontzien gunea itxi egingo dute baita ere, eta errepide zabala aprobetxatuz, aireko zaborrontziak errepidean bertan kokatuko dituzte, etxebizitzengandik urrun. "Aldaketa horren bidez, espaloia zabalduko da eta zaborra biltzeko bost edukiontzia izango dira (orain lau daude)", gehitu du udalak. Datorren astearen bukaeran, lanak bukatutakoan, edukiontziak behin betiko lekura eramango dituzte.
Bigarren fasean aurreikusitako aldaketei dagokienez, hondartza aldean dauden lurpeko zazpi edukiontzi gune egokituko dituzte, eta aireko edukiontziak jarriko dira puntu horietan guztietan. Lanok eginda, eremu horietako bat kentzeko aukera aztertuko da, bi gune bateratuta.
Pelotari kalearen hegoaldeko eta Iturbide kaleko, musika eskolaren alboko, lurpeko edukiontzi guneak itxi egingo dira, eta haien ordez, aireko edukiontziak jarriko dira. Horrez gain, Erriberetan, Ixarra kalean eta Palota kalearen 2. zenbakian dauden lurpeko edukiontziak tapatzeko aukera aztertzen ari da udala. Eremu horiek ixtea erabakitzen bada, aireko edukiontzientzako kokaleku egokiak bilatuko dira.
Azkenik, Andra Mariko eremuan egingo dituzten obrak tarteko, Arrantzale kaleko lurpeko gunea Balea kalera mugituko dute, kiroldegi parera.
Orioko edukiontzien guneen mapa berria. (Orioko Udala)