Aurreneko protesta eginda, astero bilduko dira herritarrak osasun zerbitzu hobea eskatzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 15a

Gaur eguerdiko protestaren une bat. (Julene Sorarrain)

Herritar ugari elkartu da gaur eguerdian Orioko anbulatorioaren atarian, herritar batzuek atzo egindako deiari erantzunez. Mediku gehiago eta eraikina berritzea eskatzen dituzte. 

Dozenaka herritar elkartu da gaur eguerdian Orioko osasun zentroaren atarian, atzo herritar batzuek egindako deiari erantzunez. Osasun zerbitzu hobea eskatu dute, eta zehazki, hiru aldarri egin dituzte: mediku gehiago egotea, itxaronaldien denbora murriztea eta eraikina zaharberritzea. 

Hamabost minutuko elkarretaratze isila izan da, eta deialdiaren arrakasta ikusita, protesta astero egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek, egun eta ordu berean; alegia, ostegunetan 12:00etan. 

Herritar batzuk, gaur eguerdian, kartelak eskuetan. (Onintza Lete)

Protestarekin bat egin duten gehienak erretiratuak ziren, eta haietako batzuek Gukari azaldu diote erabat bat egiten dutela deialdiko hiru arrazoi edo aldarriekin, batez ere mediku gabeziarekin: "Bi mediku bakarrik ditugu; duela 60 urte ere halaxe genituen, baina ordutik asko hazi da herria, jende gehiago bizi da", esan dute. 

Elkarretaratzean zen pertsona gazteenetako batek, berriz, esan du "elkartasunez" joan dela protesta egitera, anbulatorioaren erabiltzaileen ongizatea inporta zaiolako, batez ere adineko pertsonena. "Haiek dira behar gehien dutenak, eta batez ere pandemiatik gizarte indibidualista honen eraginak pairatzen ari direnak; bakardadea sufritzen dute askok".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide