Osakidetzan greba egiten ari dira medikuak gaur, eta biharko ere greba eguna deituta dute. Bada, Orion, herritarrak izan dira biharko protestara deitu dutenak. Zehazki, Orioko anbulatorioko zenbait erabiltzailek erabaki dute elkarretaratzea antolatzea bihar 12:00etarako anbulatorio aurrean, eta herritarrei dei egin diete, protestan parte har dezaten.
Horretarako hiru arrazoi nagusi daudela adierazi diote hedabide honi: batetik, "mediku falta" nabari dute; bestetik, "hitzorduetan minutu askoko atzerapenak" nabaritzen ari dira; eta, azkenik, anbulatorioaren eraikinak berak "gabeziak" dituela uste dute, eta "zaharkituta" gelditu dela. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak aurreikusita dauka osasun zentro berria egitea Orion 2031 baino lehen.