Udalak bilera irekia antolatu du biharko, "herriko festen antolaketa hobetzeko" prozesuaz azalpenak emateko

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 12a

San Pedro jaien hasierako txupinazoa orain bi urte. (Aritz Mutiozabal)

Herritarren parte hartzeari, festa batzordearekiko konpromisoari eta haren funtzionamenduari lotutako hainbat iritzi eta kezka jaso zituen iaz udalak, eta beharrezkotzat jo du lanketa abiatzea. 

Orioko Udalak bilera irekia antolatu du biharko, "festa batzordea indartzeko eta herriko festen antolaketa hobetzeko". Lanketa prozesu baten hasiera izango da, eta biharko bileran prozesu horri buruzko azalpenak emango ditu udalak. Bilera 18:00etan izango da, Kultur Etxean.

Udalak esan du iaz hainbat iritzi eta kezka bildu zituela herritarren parte hartzeari, festa batzordearekiko konpromisoari eta haren funtzionamenduari lotuta. Orioko Hezkidetza Diagnostikoan jasota daude horietako batzuk. Horren aurrean, udalak beharrezkotzat jo du lanketa prozesu bat abiatzea, "urtero sortzen diren zailtasunak identifikatzeko eta horiek elkarlanean landuta, festa batzordearen jarduna egokitzeko". Orio herri parte hartzailea dela irizten dio udalak, eta esan du "izaera hori sendotu eta zabaldu nahi" dutela, "baita festa batzordean ere".

Aurreneko saioa eta hurrengoak

Biharko saioaren helburua izango da festa batzordean parte hartzen duten eragile eta norbanakoekin lanketaren helburuak zehaztea eta aurrerantzean parte hartzea bermatzeko neurriak adostea. "Saio arin eta praktikoa izango da, eta parte hartzaile guztiek izango dute ekarpenak egiteko aukera".

Bigarren saioaren data ere zehaztuta du udalak: otsailaren 21ean izango da, larunbatarekin, Arraunetxen. Hitzordu horretan egoeraren lanketa sakona egingo da, eta batzordearen funtzionamendua, oinarriak eta dekalogoa aztertuko dira, hortik abiatuta, etorkizuneko dinamika eraldatzeko neurriak proposatzeko. Saio horren inguruko informazio zabalagoa aurrerago emango du udalak.

Eihera kooperatibako kideak arduratuko dira dinamikak gidatzeaz, eta udalak azpimarratu du "garrantzitsua" izango dela "gaian inplikatutako norbanako eta elkarteak bertan izatea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide