Astelehenean zabalduko dute herri baratzetarako eskaerak aurkezteko epea

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 10a

Herritar talde bat, Orioko herri baratzean. (artxibokoa)

Orioko Udalak guztira 46 partzela zozkatuko ditu, guztiak 40 metro koadrokoak. Eskaera orriak aurkezteko epea zabalik izango da urtarrilaren 12tik 23ra bitartean. Zozketa publikoa, aldiz, otsaila amaieran egitea aurreikusten da.

Duela lau urte jarri zituen herri baratzeak herritarren eskura Orioko Udalak, eta eremuaren erabileraren balorazioa egin ondoren, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du. Hala ere, erabiltzaileek hala eskatuta, araudia "egokitu" du. Hain zuzen ere, udalbatzarrak azaroan onartu zuen araudi berria, eta urtarrilaren 12tik aurrera zabalduko zaie herritarrei lursailaren eskaera egiteko epea. 

Udalak jakitera eman duenez, guztira 46 partzela zozkatuko dituzte, guztiak 40 metro koadrokoak. Horietatik laurden batean, lehentasuna izango dute pentsiodunek edo desgaitasunen bat duten herritarrek. Hori ez ezik, azken lau urteetan erabilitako lursaila mantendu nahi duenak, hori adierazteko aukera ere izango du eskaera orrian.

Lursailaren adjudikazioa urtebetekoa izango da, hain justu, eta gehienez lau urte luzatzeko aukera izango da. Urteroko kuota ordenantza fiskaletan finkatuko da; 2026an 60 eurokoa izango da, eta gainera, 60 euroko fidantza ordaindu beharko da lehen urtean. Gainera, lursaila adjudikatzen zaien herritarren artean, ezinbestekoa izango da Baratzetako Zuzendaritza Batzordea osatzea, eguneroko kudeaketa aurrera eraman ahal izateko.

Izen-ematea eta baldintzak

Eskaera aurkezteko epea urtarrilaren 12tik 23ra egongo da zabalik, eta horretarako, interesdunek eskaera orri hau bete beharko dute. Behin eskaerak aurkezteko epea pasatuta, behin behineko zerrendak publikatu eta erreklamazio epea irekiko dute. Zozketa publikoa, aldiz, otsaila amaieran egitea aurreikusi du udalak.

Halaber, eskaera aurkezten duten herritarrek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte: 

  • Orion erroldatuta egotea eskaera aurkezten den unean.
  • Baratzea erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Orion erroldatuta egotea.
  • Orioko Udalarekin zorrik ez izatea.
  • Ez eskatzaileak eta ez haren etxeko inork ez izatea nekazaritzarako egokia den terrenorik jabetzan edo usufruktuan.
  • Familia unitateko eskaera bakarra onartuko dute.
  • Baratzen araudia ez betetzeagatik aurrez zigorrik ez jaso izana.

Eskaera orria bete eta udal bulegoetan aurkeztu beharko da. Horrekin batera, NANaren fotokopia eta baldintzak betetzen direla erakusten duen ziurtagiria ere eraman beharko dira. Eta bestela, erregistro elektronikoz ere aurkeztu daiteke, baina, betiere, goiko eredu ofiziala erabilita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide