Bart hil da Patxi Etxeberria bertsolaria (Orio, 1930), 95 urte zituela. Oriotarra zen jaiotzez, baina 1955etik Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bizi zen. Hernaniko Zikuñaga auzoan egin zuen bere lehen plaza, 1956an, eta 1959an jokatu zuen estreinako txapelketa: Aginagan (Gipuzkoa) jokatutako bertsolari gazteena, hain zuzen.
60ko hamarkadan, Gipuzkoako Txapelketako finalista izan zen hiru alditan, eta 1980ko Txapelketa Nagusiko finalera iritsi zen; Xabier Amurizak irabazi zuen aldi hartan. 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan ere kantatu zuen bertsolari gazteekin. 2017an egin zuen jendaurreko bere azken saioa, 86 urterekin, Lasarte-Oriako San Pedro jaietan.
Plazaz plaza ez ezik, Lasarte-Oriako Earra! bertso eskolan aritu zen urte luzez, bertsogintzan murgiltzen ziren gazteei laguntzen. 2009an, plazetako ibilbidea hasi zuenetik 50 urte bete zirela eta, Xabier Lasak Patxi Etxeberria, 50 urtez plaza gizon liburua idatzi zuen eta urte berean omenaldia egin zioten Lasarte-Orian.