Danbolin musika eta dantza eskolak Gabonetako kontzertua eskaini zuen atzo iluntzean Bariko San Nikolas parrokian, eta ohi bezala, Salatxo abesbatza gonbidatu zuen kontzertura. Bien artean, emanaldi dotorea eskaini zuten herritarrez bete zen elizan.
Aurkezpena bertso formatuan eskaini zuten musika eskolako ikasle batzuek, eta Salatxo abesbatzakoak izan ziren abesten aurrenak, elizako korutik, organoaren laguntzarekin. Ondoren musika eskolako kantu eskolakoak aritu ziren, eta haien atzetik, musika mintzairako gaztetxoak, txikienetatik hasi eta zaharrenetara arte; LH 2. mailakoak izan ziren aurrenekoak, eta bizi-bizi aritu ziren kantuan, koreografia eta guzti.
Musika eskolako hainbat instrumentuk lagunduta aritu ziren Gabon kantak abestuz, eta bukaeran, eskolakoek eta Salatxokoek elkarrekin abestu zuten Hator hator abestia, eta horrekin amaitu zen aurtengo kontzertu berezia.
.