Txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko neurriak hartuko ditu udalak

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 19a

Bi txakur belarretan etzanda. (pixabay)

Herritar guztien ongizatea bermatzeko asmoarekin, udalak lanketa prozesu bat abiatu du gaian interesa duten herritarrekin. Prozesu horretan bi helburu nagusi finkatu dituzte: txakurrentzako guneak hobetzea eta, aldi berean, berriak sortzea. Beste alde batetik, txakurrak aske ibiltzeko guneak, ordutegiak eta urte sasoiak ondo definituko dituzte, "gaizki ulertuak saihesteko".

Orioko Udalak lanketa prozesu bat egin du azken urteetan txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin. Gaur egun indarrean dagoen ordenantza 2016koa da, eta udalaren erantzukizuna da hori betearaztea. Hala eta guztiz ere, jakinarazi du "zailtasunak" dituela horretarako, izan ere, herritarrek bi ikuspegi kontrajarri dituzte gaiaren inguruan: batzuek "zorroztasunez" aplikatzeko eskaera egiten dute, eta beste batzuek, aldiz, "zorrotzegia" dela diote, txakurrak "aske ibiltzeko gune nahikorik" ez dagoelako herrian, hain justu.

Egoera horren aurrean, eta herritar guztien ongizatea bermatzeko asmoarekin, udalak lanketa prozesu bat abiatu du gaian interesa duten herritarrekin. Prozesu horretan bi helburu nagusi finkatu dituzte, hala nola, txakurrentzako guneak hobetzea eta, aldi berean, berriak sortzea. 

Ordenantzari dagokionez, txakurrak aske ibiltzeko guneak, ordutegiak eta urte sasoiak ondo definituko dituzte, "gaizki ulertuak saihesteko". Hori ez ezik, txakurrak aske ibiltzeko guneen ezaugarriak eta arautegia ere aztertu eta definituko dute.

Bestalde, udalak txakurren jabeekin adostu ditu gune horiek bete beharreko baldintzak, hala nola, "leku zabalak izatea, itzal guneak edukitzea, jabeak egoteko bankuak izatea, txakurrentzat egokitutako iturriak edukitzea eta txakurrentzako jolasak eskaintzea". Gaur egun txakurrentzako gune bakarra dago Orion, futbol zelaiaren ondoan, eta udalaren asmoa da gune hori "zabaltzea eta egokitzea, aipatutako baldintzak bete ditzan", hain zuzen. Baina horrez gain, gune gehiago jartzeko aukerak ere aztertu ditu.

Herritarren ekarpenak

Lanketa dagoeneko martxan da, eta udalak bi bide proposatu ditu herritarren iritziak jasotzeko: alde batetik, interesdunek Guk Oriori atari digitaleko Zubiak atalera jo dezakete, eta bestetik, udaletxeko harrerara ere joan daiteke, ekarpena presentzialki egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide