Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) emakumezkoen trainerua gidatuko du denboraldi honetan Xanti Zabaletak (Orio, 1968). Lehen ere aritu zen zeregin horretan, 2016-2021 artean, eta bere eskutik iritsi ziren, hain zuzen, Orioko emakumezkoen aurreneko Kontxako banderak eta ligako tituluak. Aurten, erronka zail bati heldu dio, iaztik arraunlari askok utzi baitute trainerua, zuzendaritzarekin eduki dituzten desadostasunengatik.
Ez zara berria Orio Arraunketa Elkartean. Zeurekin irabazi zituzten lehendabiziko tituluak emakumeek.
2016an deitu zidaten, denboraldi erdian, arazo batzuk egon zirela eta egoera bideratzeko eskatuz. Orduan ez nuen uste hainbeste urte egingo nituenik taldean. 2019an irabazi genituen Kontxako Bandera eta liga aurreneko aldiz, eta trainerilletan ere hainbat txapelketa irabazi genituen.
Aldi hartatik hona, arraunlariak aldatuko ziren.
Bakarren batzuek jarraitzen dute taldean, Edith eta Mireia Uranga ahizpek, Maddi Alkainek eta Itziar Olasagastik, eta poz handia ematen dit horrek, baina gehienak berriak dira niretzat.
Iaztik ere gehienak berriak dira, askok utzi dutelako trainerua zuzendaritzarekin eduki dituzten desadostasunengatik. 22 arraunlaritatik hamaseik gutun bat argitaratu zuten, eta horiek denak faltako dira...
Nik uste gutun hura sinatu zutenetatik lauzpabostek jarraitzen dutela, ziur ez dakidan arren. Hemen denentzat dago tokia errespetua dagoen bitartean.
Hortaz, iaztik dezentek jarraitzen dute traineruan?
Zazpik jarraitzen dute.
Taldea osatu behar izan duzu, beraz.
Bai. Bigarren urteko bi jubenil daude; aulki mugikorrean jarraitzeko gogo handirik ez zuten horiek, eta pixkanaka seniorren diziplinan sartzea eta taldea ezagutzea pentsatu genuen, gero saltoa ez dadin hainbestekoa izan. Beste guztiak seniorrak dira. Harrobiko neskak dira, lanketa bat egin behar da, eta horrek nagikeria ematen du, lan gehiago egitea esan nahi duelako, eta traineruaren maila apur bat sakrifikatu egin behar izaten delako. Eskailera mailak igotzen diren bezala, jaisten ere jakin egin behar da, eta beharbada, sasoi honetan tokatzen zaigu maila hori pixka bat jaistea, baina gauza on baten bila: trainerua sendotzea nahi dugu, ilusioa sortzea herriko gazteengan eta erakargarria izatea.
Zer talde daukazu momentu honetan?
Hogei arraunlarirekin eta bi patroirekin hasi gara lanean azaroan, eta gustatuko litzaidake guztiak iristea udako sasoira, baina badakit urtean zehar gauza asko gertatzen direla; lesioak, lana, konpromiso pertsonalak...
Jarraitzen dutenetako bat da Maider Etxaniz patroia.
Bai. Proiektuari jarraipena emango zion patroi bat nahi nuen, eta Maiderrek zuen proiekzioarekin, taldearengan zuen konfiantzarekin eta kirol arloan zeukan esperientzia onarekin, iruditu zitzaidan gure proiektuarekin oso bateragarria zela. Aukera hori behar zuen, eta baiezkoa eman zidan. Bigarren patroia herriko gazte bat da, Itsaso Lopetegi, eta gustatuko litzaidake Maiderren itzalean pixkanaka ikasten eta integratzen joatea, epe ertain batean, beharbada, bera egoteko traineruan.
Trainerilletan ere ibiiko zarete.
Azken urteetan ez dira lehiatu modalitate horretan, baina niri gustatzen zait lehiatzea. Zertara etortzen gara? Entrenatzera. Zertarako? Lehiatzeko eta arraunaz gozatzeko. Eta zer egingo dugu, hamar hilabetez entrenatu, soilik udako bi hilabetetan arraun egiteko? Arraunean gehiago egiteko eta lehiatzeko ahalmena baldin badugu, zergatik ez egin? Uste dut trainerilla oso bateragarria dela traineruarekin, eta batean egiten dena baliagarria dela besterako.
Urrian hasi zinen aztertzen zer baliabide tekniko eta material zenituen. Zein da egoera abenduan?
Arraunlariei dagokienez, gustura nago osatu dugun taldearekin, lanerako gogoz eta ilusio handiarekin daudelako, eta materialari dagokionez, trainerua nahiko ondo ikusi dut, materiala badugu lehiatzeko, eta trainerilletan aritzeko materiala ere badaukat; konponketa batzuk egin behar izan ditugu, eta arazorik ez dut eduki ontziolara eraman eta aurrekontua egiteko. Prestatzaile fisikoa ere badugu [Iñigo Mujika oriotarra]. Hortaz, denboraldia aurrera eramateko behar genituen erreminta guztiak inguratuta daude. Baliabideekin gustura nago.
Baliabideen inguruko kexak bazituen iazko taldeak...
Proiektu berri batera etorri naiz, informaziorik ez daukat, eta neutrala izaten saiatu naiz. Gaiak asko kezkatu nau, baina ezin dut baloraziorik egin. Ni saiatzen ari naiz taldearentzat lehiatzeko behar dituen baliabideak lortzen, kirol arloan arrakasta lortzeko bidea errazteko. Bestalde, kontuan hartu behar dugu hau kirol amateurra dela eta baliabideak ez direla infinituak. Hori kontuan hartuta eskatu behar dira gauzak, proportzioan, hankak lurrean edukita.
Talde berriak kexarik ba al du?
Komunikazio ona dut taldearekin, eta ez dut uste gabeziarik duenik. Oker banago, jakin nahiko nuke, arazoren bat baldin badago gainean egon nahi dudalako konponbidea emateko, bola handitu aurretik; are gehiago, aurrekari hori egonda. Zentzu horretan, sentsibilitate handiagoa dago bai nire aldetik, bai klubaren aldetik, bai udalaren aldetik. Badakit elkarlana egon dela klubaren eta udalaren artean; esperientzietatik ikasi behar da, eta aurrera jarraitu.
Mailak jaistea aipatu duzu. Sasoi berrian ahaztu egin behar al da banderak irabazteaz?
Nik ez dut esan banderez ahazten naizenik, maila batzuk jaitsi behar ditugula baizik. Ez dakigu beste taldeek zer maila emango duten, baina nik argi dudana da aprobetxatu egin behar ditugula ilusioa, gogoa eta konpromisoa ahalik onenak izateko. Ez gara izango fantasma batzuk esanez aurten Arraun Lagunaki estropada guztiak irabaziko dizkiogula. Ziurrenez hark iazko antzeko taldea edukiko du, metodoa ezarrita dauka, talde lana ere bai, eta horrekin lehiatzea zaila izango zaigu. Guk inflexio puntu batetik hasi behar dugu, garatzen joateko. Aurten egindako akatsak zuzendu eta hobekuntzak bultzatu behar ditugu.
Zein da erronka nagusia?
Ahal dugun gorena egotea; ona litzateke Ohorezko Txandan jokatzea, horrek bandera lortzeko aukerak ematen dizkizulako. Erronka polita da, baina erronkak jarri egin behar dira, bestela jai dago. Neguko lanaren arabera, gero ikusiko dugu gorago ala beherago gauden.