Orioko Udala aterpe klimatikoa sortzen ari da kirol portuaren ondoko eremuan; hau da, beroari aurre egiteko 400 zuhaitz gazte landatu ditu bi hektareako eremuan, Naturklima fundazioaren laguntzarekin eta Herrio natur taldearen aholkularitzarekin. Bada, azken egunetan gutxienez bi zuhaixka lapurtu dituztela jakinarazi du udalak, eta herritarrei eskatu die gunea zaintzeko eta erantzukizunez jokatzeko. "Herria eta herritarren bizi kalitatea hobetzea helburu duten proiektuak errespetatzeko dei egiten diegu, herria zaintzea guztion ardura baita".
Gainera, udalak esan du zuhaixka gazteak eskuratu nahi dituzten herritarrek horretarako aukera dutela udalarekin harremanetan jarrita, eta gogorarazi dute Herrio natur taldeak doan banatuko dituela zuhaitzak larunbat honetan, abenduak 20, tirolinako parkean.