Oriok bizpahiru hektareako aterpe klimatikoa edukiko du

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 12a

Herrio natur taldeko Arturo Elosegi eta Garbiñe Manterola, asteartean, aterpe klimatikoa sortuko duten gunean. (Onintza Lete Arrieta)

Kirol portuaren, udal kanpinaren eta hondartzako hotelaren arteko eremua zuhaizti bihurtzeko lanak hasi ditu udalak, Naturklimaren eta Herrioren laguntzarekin.

Orioko Udalak abiatu ditu lanak kirol portuaren, hondartzako hotelaren eta udal kanpinaren artean dagoen lur eremua aterpe klimatiko bihurtzeko bidean. Aterpe klimatikoek beroari egiten diote aurre, eta azken batean, zuhaitzen bidez itzalguneak sortzen dituzte, Herrio natur taldeko Arturo Elosegik eta Garbiñe Manterolak azaldu dutenez. Udalak 2024ko urrian egin zuen udalerria klima aldaketara egokitzeko plana, eta han jasota zegoen eremu horretan aterpe klimatikoa egitearen proposamena. Azken urteetan dunak berreskuratzen saiatu izan dira bertan, baina hogei urtean ez dute lortu esperotako emaitzarik, eta gainera, landare inbaditzaileak ari ziren nagusitzen. Horregatik erabaki dute bizpahiru hektarea dituen espazio hori eraldatzea. "Funtzio bat eman nahi izan zaio guneari, ez zedin izan aldian behin belarra mozteko gune soila", iritzi dio Manterolak.

Dena den, duna eremuko gune zehatz batzuetan Linaria Supira babestutako landare-espeziea hazten da modu naturalean, eta natur taldearen laguntzarekin, udalak landare horien kokapen zehatza identifikatu du landarea babesteko eta aterpe klimatikoan, gainerako zuhaitzekin batera, txertatzeko. Elosegik nabarmendu du "penintsulan oso-oso berezia" dela espezie hori, eta aterpe klimatikoaren guneko muinoetan utziko dituztela landare horiek. Udalak, berriz, Herrioren elkarlana eskertu du, "emandako laguntzagatik".

Naturklima fundazioaren laguntza

Orioko Udalaren proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Naturklima fundazioaren laguntza jaso du; hala, desbrozaketa lanak egin dituzte azken asteetan, eta 400 zuhaixka landatzen aritu dira. 2 eta 3 urte dituzten zuhaitzak direnez, denbora beharko dute indartu, hazi eta itzala sortzeko. Elosegik eta Manterolak ez dakite zenbat urte beharko diren itzal hori lortzeko, ezta helburua lortuko den ere. Izan ere, natur taldeko kideen ustez, eremu horretan "oso zaila" da zuhaitzak haztea, "oso hondartsua delako". Horregatik landatu dituzte txikiak, errazago itsasteko. Ez dira ausartzen esatera zer emaitza eta noiz ikusiko den.

Gainera, klima aldatzen ari denez, gero eta bero bolada handiagoak daude, eta horrek ere ez du errazten ezer aurreikustea. "Hau dena abentura bat, saiakera bat da", iritzi dio Elosegik. Dena den, "herritarrek ideia bat egiteko", gune horretan jada badaude "urte dezente dituzten gurbitzak", eta Manterolak azaldu du orain landatu dituzten zuhaitzek tamaina eta forma hori izango dutela gutxi gorabehera.

Hondartzako dunen garrantzia

Aipatutako eremuko dunek ez bezala, hondartzan daudenek beren funtzioa ezin hobeto betetzen dutela uste du natur taldeak, eta hori argi utzi nahi izan dute. "Dunek ez diote espaziorik kendu hondartzari; alderantziz, dunen funtzioa da gaur egun daukagun hondartzan, hondarraren ziklo naturalago bat edukitzea, eta daukagun hondarraren perfila eta granoa gustagarriagoa izatea erabilerarako; naturalagoa izateaz gain, erabiltzailearentzako gustagarriagoa den hondartza bat daukagu". Duela urte batzuk, izan ere, aldapa zorrotz eta deserosoa sortzen zen uretara sartzeko eta handik irteteko. Gaur egun ez dago aldapa hori, "faktore askoren artean", baita dunek egiten duten lanari esker ere.

Bestalde, eremua aterpe klimatiko bihurtzeko erabakiak zuzenean eragingo die parapente zaleei, orain gutxi hasi baitira eremu horretako zati batean lur hartzen. Aurrerantzean, ordea, hondartzako ahateen eremuaren hegoaldean kokatuko dute lur hartze eremua, eta udalak jakinarazi du gune berria "behar bezala mugatuta eta seinaleztatuta" egongo dela, istripuak saihesteko. Gainera, udalak eremuaren erabileraren jarraipena egingo du, "beste gaiekin bezala, sortu daitezkeen gorabeheren edo aldaketen aurrean erabakiak hartzeko".

400 zuhaitz landatuta

Bertako zuhaitzak landatu dituzte kirol portuaren eta udal kanpinaren arteko belardian, han aterpe klimatikoa sortzeko: urritzak, erramuak, arteak eta artelatzak edo arkamurkak. "Ustez baldintza hauetara hobekien doituko diren espezieak dira" Herrio natur taldearen ustez, eremuko lurra oso hareatsua delako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide