Atzo banatu zituzten XXI. Lauaxeta Sariak Bizkaiko Foru Jauregian, eta ohorezko saria eman zieten Benito Lertxundi musikari oriotarrari eta Jose Angel Irigarai idazle eta poeta nafarrari Bizkaia maite abestiagatik.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak banatu zituzten sariak, eta bertan izan zen Olatz Zugasti Lertxundiren bikotea, saria haren partez jasotzen.
Bizkaiko Foru Aldundiak ematen ditu sariok, eta azaldu zutenez, Lertxundi eta Irigarai omendu dituzte Bizkaia maite abestia idatzi eta musikatzeagatik ez ezik, baita euskal kulturari egindako ekarpenagatik ere. "Abesti horren bitartez biek gure lurraldearen irudia mundu osora zabaldu dute", nabarmendu dute. Etxanobek ideia horretan sakondu zuen atzoko hitzartzean: "Bizkaiak bere ereserkitzat du kanta hau: bizkaitarron sentimenduak agerian jartzen dituelako, bizkaitarron izaeraren berri ederki ematen duelako, atzoko bizkaitarron eginak goraipatzen dituelako, gaurko bizkaitarron bizipoza eta iraun nahia kantatzen dituelako eta biharko bizkaitarron itxaropenari leihoak zabaltzen dizkiolako."
Gainerako sariak
Gainerako sariei dagokienez, ikus-entzunezkoen kategorian aurten ex aequo eman zaie Inge Mendiorozi Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagatik eta Oier Plazari Popel dokumentalagatik.
Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik beherakoen kategorian saria Ane Labakak jaso du Hezur berriak lanagatik, eta Elena Sanchezek, 35 urtetik gorakoen atalean, Epilogorik gabe poema sortagatik.