Gorka Roca Torre: "Euskaltzaleok karrika hartzea lehen-lehen lerrokoa da"

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 2a

Gorka Roca Torre, joan den astean, Orioko moilan. (Onintza Lete Arrieta)

Euskaltzale eta militante baionarrarentzat zilegi dira desobedientzia ekintzak justuak ez diren legeen aurrean. Herritarrak deitu ditu datozen mobilizazioetan parte hartzera.

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, solasaldia eskaini zuen Gorka Roca Torre (Baiona, 1974) euskaltzale eta militanteak ostegun iluntzean Kultur Etxean. Azken hilabeteetan asko entzun da haren izena komunikabideetan, hainbat desobedientzia ekintza egin dituelako Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko kideak. Otsail hasieran du hurrengo epaiketa, eta aurrez, abenduan eta urtarrilean, euskararen aldeko hainbat mobilizazio izango dira han-hemenka. Horietan parte hartzera deitu ditu Rocak herritarrak.

Orioko solasaldian esan zenuen gustatzen zaizula erdaldunak euskarara erakartzearen ideia, nahiago duzula hori inposatzea baino. Baina, aldi berean, uste duzu ez dela nahikoa momentu honetan euskara salbatzeko.

Guretzat garrantzitsua den zerbait besteari ezagutaraztea eta hari kontzientzia piztea da niretzat norbait seduzitzea edo erakartzea euskarara. Hori da bide egokiena, eta hori herritarrek ez ezik, instituzioek ere egin behar lukete; etengabe euskal kulturari eta hizkuntzari balioa eman, eta horretara bitarteko anitz bideratu. Maila horretan, egiten dena baino askoz-askoz gehiago egin liteke. Bestalde, argi dago euskarak lurralde bat behar duela non lehentasunezko hizkuntza izango den. Hizkuntza orok, behintzat bizirauten duen hizkuntza orok, duen egoera hori da, eta euskarak Euskal Herria du horretarako; hortaz, behar dugu lege bat hori bermatzen duena. Hori nahitaezkoa da.

"Kontua ez da desobeditzea desobeditzearren, baizik eta desobeditzea gure ustez zilegizkoa izango den legedi bat obeditzeko"

Behartzea, alegia, euskara jakitera.

Arau kolektibo orok behartzen ditu norbanakoak arau hori betetzera, eta hemen dagoen biztanleriak nahi badu bertako hizkuntza euskara izan dadila, euskara izan behar da nahi eta nahi ez jakin beharreko hizkuntza bat eguneroko bizitza hemen egin ahal izateko. Beraz, administrazioan edo beste hainbat tokitan euskaraz funtzionatu behar duten egiturak eduki behar dira eta jendeak euskara jakin behar du horiek erabili ahal izateko. Ez da egun batetik bestera egiten den zerbait, baina helburu argi hori markatu behar da: euskara jakin behar da Euskal Herrian bizitzeko.

Ibon Gaztañazpi eta Gorka Roca Torre, ostegunean, Kultur Etxean, Orioko Herri Ikastolak antolatutako hitzaldian. (Onintza Lete Arrieta)

Zentzu horretan, agintariek administrazioan eman dituzte pausoak, baina azkenaldian epaileak euskararen normalizazioaren kontrako epaiak ari dira igortzen. Zer irakurketa egiten duzu zuk?

Argi dago gaur egun ez dugula euskara beharrezko egiten duen marko legal bat Euskal Herrian. Bi konstituziok sortzen dute egoera hori, eta gaur epaitegietan gertatzen ari dena horren isla da. Konstituzioek behartzen gaituzte erdarak jakitera eta ez euskara, eta hor badituzte zirrikituak euskararen aurka egiteko. Gaurko egoera legalean euskarak ez dauka etorkizunik, bigarren mailako hizkuntza delako. Solasaldian esan nuen bezala, Frantzian frantsesa da lehentasunezko hizkuntza, Espainian espainiera da, eta beraz, Euskal Herrian, euskarak izan behar luke. Hizkuntza guztiek tratamendu bera eduki behar dutela diogu guk, eta beraz, toki batzuetan legeak behartzen badu hizkuntza bat jakitera, hori toki guztietan hala izan behar dela. Interesgarriena da [euskararen jakintza eta erabilera] jendearen nahi eta behar natural batetik etortzea, ez bortxatik. Nahiago dut etengabe bultzatu zentzu horretan, ahalegin nagusia hortik egin behar da. Baina ikusten bada toki eta testuinguru batzuetan hori ez dela nahikoa, nolabait ezinbestekotasun hori sortu behar da. Hau da, euskara ez baldin badakizu, ezingo dituzu egunerokotasuneko gauza asko egin eta konplikatuko zaizu asko-asko bizitza. Baina hori ez da lehentasuna. Lehentasuna da gogoa eta nahia piztea.

"Gaurko egoera legalean,
euskarak ez du etorkizunik"

Nola egiten da hori erlojuaren kontra?

Batetik, egoera hau borrokatu behar dugu eta gatazkak piztu behar ditugu euskara zapaldua den edo bigarren mailako hizkuntzatzat tratatua den toki guztietan, eta borroka horrek masiboa izan behar du. Jendarteko eragile guztiak –elkarteak, taldeak, sindikatuak, alderdiak eta euskaltzale diren guztiak– masiboki mobilizatu behar ginateke zapalkuntzen aurrean, lehen-lehen lerrora ekartzen dugun borroka izan behar luke, horrek gauzak ainitz aldatuko lituzkeelako. Euskaltzale asko gara, eta gaur egun ez ditugu indarrak batzen benetan kalea hartzeko, zapalkuntzak salatzeko, mobilizazioak egiteko, desobedientzia ekintzak egiteko... Uste dut pixka bat berpizten ari garela, baina karrikak hartu behar genituzke. Horrek euskara zapaldua den hainbat tokitan jarrera aldaraziko lieke gizarte eragile anitzi. Bigarrenik, pentsatzen dut instituzio politiko batzuei eta euskaltzale omen diren hainbat agintariri kontuak eskatu behar genizkiekeela, ez dutelako egiten euskararen alde egin lezaketen guztiaren hurrenik ere. Hirugarrenik, hori guztia independentzia perspektiba batean kokatu behar dugu; hau da, pentsatzen dut oso argi dagoela Espainiako eta Frantziako konstituzioek euskara zapaltzen dutela eta ez dagoela bi estatu horietan konstituzio horiek aldatzeko asmorik, beraz, guk indarrak ezarri behar ditugula gure konstituzio bat eraikitzeko perspektiba batean, bide independentista batean, eta bi estatuei argiki adierazi behar diegula beren gerizapean etorkizunik ez badugu, gure bidea gure aldetik eraiki beharko dugula. Azkenean, atzean demokrazia arazoa dago: nork erabakitzen du Euskal Herrian, baina osoki, ez bakarrik arlo batzuetan, ez bakarrik instituzio batzuetan, botere mugatu batekin? Hori funtsezko borroka da euskararentzat.

Euskaltzaleok indarrak batzea aipatu duzu, baina ziur aski, denek ez dute, zuek bezala, independentzia helburu...

Uste dut urrats batzuk egin daitezkeela elkarrekin aldarrikapen maila batera arte. Gero, beste dinamika batzuk egongo dira ondoan, independentzia ezinbestekoa dela uste dugunon artean elkarlanean aritzeko. Hitzaldian azpimarratu nuen beste ideia bat da nire ustez Euskal Herriaren burujabetasuna batez ere eraikitzen den zerbait dela. Lehentasuna ez da bizitza pasatzea independentzia aldarrikatzen, baizik eta eraikitzen. Eta uste dut historia garaikidean, aski hurbil, urratsak egin genituela, instituzio nazionalak eraikitzen hasi ginen Udalbiltzaren bitartez, eta horren autokritika ere egin beharko da, baina behintzat, bazegoen eraikuntza nazional perspektiba bat, gaur egun eskas dena. Uste dut indar gehien gure-gurea izango den bidea egitera bideratu behar dugula, ez estatuek inposatzen diguten marko instituzional batera, non gure aurkaria indarrez nagusi den. Hor galtzeko aukera handiak ditugu; bestean, berriz, egiten dugun guztia da sortzea eta eraikitzea.

(Onintza Lete Arrieta)

Esaten duzun bide horretan urratsak egiteko nor interpelatu behar da?

Interpelatu, batez ere mugimendu politikoak. Herritarrak, berriz, antolatu. Ez dut egokia ikusten bizitza osoa pasatzea besteek egiten dutena kritikatzen. Ez bazaizu egokia iruditzen besteek egiten dutena, eraiki egokia iruditzen zaizun hori. Beraz, analisi horrekin bat egiten dutenek, hau da, gure bidea egin behar dugula uste dugunok, indarrak bildu behar genituzke, eta urratsak egin elkarrekin.

Orion azaldu zenuen beste ideietako bat izan zen estatuek euskara desagerrarazi nahi dutela, eta injustiziren eta lege ankerren aurrean zilegi direla desobedientzia eta intsumisio ekintzak. Zeuk, EHEko kide gisa, desobedientzia ekintza bat baino gehiago egin dituzu.

Gaur egun inposatzen dizkiguten marko legalak ez dira zilegizkoak euskara desagerraraztea dutelako helburu, eta, horrekin, baita euskaldunok ere subjektu politiko gisa. Beraz, lege horiek desobeditu egin behar ditugu. Desobedientzia garatu behar dugu, baina bidezkoa den egoera bat eraikitzeko perspektiba batean; kontua ez da desobeditzea desobeditzearren, baizik eta desobeditzea gure ustez zilegizkoa izango den legedi bat obeditzeko. Gure eskubideak berreskuratzeko eta egiazko demokrazia edukitzeko, ezinbestekoa da ez onartzea inposatzen zaigun egoera bidegabe hori. Desobeditu egin behar da, eta horrek esan nahi du, hainbatetan, indarrean dagoen legea urratu behar dela. Urratu behar dugu lege hori esaten duena "hemen gaztelania jakin behar dugu eta euskara jakin dezakegu". Hori da marko legal nagusia, eta hori aldatzen ez dugun bitartean hasierako puntura itzultzen gara; hau da, hemen legalki inposatzen diguten egoera da gaztelaniari lehentasuna ematen dion egoera, beraz, euskara desagerraraziko duen legedia bat. Epe motzera bizirik iraungo dugu, baina epe luzera, ez. Legea euskararen aurka doa, eta are gehiago, Ipar Euskal Herrian.

Hain zuzen, otsailaren 5ean epaiketa daukazue EHEko lau kidek irailean Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean margoketa batzuk egitearren. Aurreko aldian frantsesez deklaratzeari uko egin zenioten.

Eta ukatzen badigute euskaraz deklaratzeko aukera, ez dugu onartuko auzi hori, desobeditu egingo dugu, eta segituko dugu margoketak egiten eta egoera salatzen jendea kontzientziarazteko eta poliki-poliki aipatu dugun mugimendu masibo bat eraikitzeko euskararen defentsan, eta are gehiago, egiazko demokrazia baten defentsan.

"Ez da ikusten instituzio eta egitura politikoengandik herritarrek egiten duten maila bereko ahaleginik"

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik dioten kartelak ikusten dira han-hemenka. Zer mezu emango zenieke euskaldunei?

Argi dago euskaltzale ororen eguneroko ekintza guztiek garrantzi handia dutela, ez dugula makurtu behar gaztelanieraren edo frantsesaren nagusitasunaren aurrean, eta etengabe, kontzienteki, euskararen alde egin behar dugula. Baina nik uste dut maila handi batean egiten dela. Euskarak dena du aurka, eta etengabeko borroka zaila da euskaldunontzat. Azken ikerketek eta [Iñaki] Iurrebasok egin duen lanak [Esnatu ala hil, euskararen oraina eta geroa diagnostiko baten argitan] hori azpimarratzen dute: badela atxikimendua euskararekiko eta euskaldun anitzek, egunerokotasunean, ahalegin berezia egiten dutela euskararen alde, beren erosotasunaren aurka. Hori azpimarratu behar da. Bestalde, ez da ikusten instituzio eta egitura politikoengandik maila bereko ahaleginik. Euskarak lehentasunezko gaia izan behar luke arduradun politikoentzat bai arlo ekonomikoan, bai salaketak egiterakoan, bai erabaki oro hartzerakoan. Horretan instituzio politikoek ikaragarrizko ardura dute. Eta, gainera, erakunde batzuek norbanakoen gain ezartzen dute euskararen erabileraren ardura eta kasik errudun sentiarazten gaituzte ez badugu aski egiten euskaraz euskaltzaleok. Hori egiten dute gure arreta beraien gabezietatik desbideratzeko, eta onartezina da.

Euskararen aldeko mobilizazioz betetako egunak datoz.

Batetik, larunbatean Durangon [Bizkaia] egingo den manifestaziora deitu nahi ditugu euskaltzale guztiak, eta bestetik, baita otsailaren 5eko auzia salatzeko urtarrilaren 31n egingo dugun elkarretaratzera ere. Biharko Euskararen Egunean ere jendea euskararen alde mobilizatzera deitzen dugu, baita abenduaren 27an Kontseiluak Bilbon egingo duen ekitaldira ere. Azkenik, Ikamak hilaren 11rako deitu duen euskararen aldeko grebarekin bat egiten du EHEk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide