Iñaki Iturain: "Egungo haurren artean oso Nikolas gutxi dago"

Kris Fernandez 2025eko abenduaren 5a

Iñaki Iturain, historiazalea.

Guztia prest dute Orion San Nikolas festak ospatzeko. Lau eguneko egitarau oparoa dute herritarrek, baina, aurrera begira jarri aurretik, atzera begira jarri da Iñaki Iturain historiazalea. Sanikolasak nondik datozen azaldu eta jai horiek izan duten bilakaeraz hitz egin du. San Nikolas jaien inguruko gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Nondik datoz San Nikolas festak?

Badakigu San Nikolas jaiak herriaren izenetik datozela: Villa de San Nicolas de Orio izenetik; eta Sanpedroak, berriz, herriaren izanetik, herri arrantzalea da Orio, eta Bibliako San Pedro ere arrantzalea zen. Bada herriko bi festak batzen dituen ezaugarri bat: bietan santu bana dago oinarrian, eta biak oso lotuta egon dira, duela gutxi arte, Elizarekin. Bietan elizkizun asko egin izan dira. San Nikolas festetan, lehen egunean, meza nagusia izaten zen eta prozesioa kalean; bigarrenean, konfesioak elizan; eta hirugarrenean, Ama Birjina guztiz garbiaren egunean, jaunartzea.

Ezagutzen al da San Nikolas festen hasieraren inguruko daturik?

Nik aurkitu dudan aipamen zaharrena Antxon Agirre Sorondoren Orio, oro hori liburua da, XVIII. mendekoa. Honela dio: "1788an kontzejuak Domingo Maguregi danbolin jolea kontratatu zuen", ondoren, haren lan egutegia zehazten du, danbolina noiz jo behar zuen, eta beste jaiegun askoren artean agertzen da San Nikolas eguna. Horrez gain, esan dezakegu sanikolasak XX. mendearen hasieratik etenik gabe ospatu direla, 1936tik 1939ra bitartean salbu, gerragatik.

Testigantzarik ere ez dago jaiak nola ospatzen ziren jakiteko?

Bai, badira, Eusko Ikaskuntzaren folklore sailak Euskal Herriko ohiturei buruz egindako azterketa batean. 1983tik 1986ra bitartean egindako lan horretan hiru oriotar elkarrizketatu zituzten: Jose Mari Solaberrieta Lino, Jesus Garmendia eta Ramon Santamaria. Lekuko horiek datu asko eman zituzten: San Nikolas egunean, diana, meza nagusia eta prozesioa izaten zirela; prozesioan, aurretik apaizak joaten zirela, eta atzetik alkatea txistulariekin eta herriko jendea, udaleko ordezkari bat banderarekin, herrikoa edo Gipuzkoakoa, eta banderaren atzetik, gizasemeak, bi ilaratan, erdian San Nikolasen irudia zutela, eta atzetik emakumeak. Etxaurreak apaindu egiten zituzten prozesiorako. Meza nagusitik aterata, aurreskua izaten zen plazan. Ondoren, Agur Jaunak abestu ondoren, udal agintariek, apaizak eta musikariek hamaiketakoa egiten zuten.

Elizkizunez haratago, zerbait berezirik egiten al zen?

Suziriak betidanik ezagutu izan ditugu Orion, eta buruhandiak, ezpata dantza, herri kirolak, sokamuturra, zaku karrerak, lokotx apustuak, oilasko biltzea... Ohitura hori berezia zen: gau osoa baserriz baserri oilasko biltzen eman ondoren, goizean plazan oilaskoak egurrezko oholetan sartzen zituzten, eta mutilak, begiak estalita, ezpatarekin lepoa mozten ibiltzen zitzaizkien oilaskoei.

Zertan aldatu dira festak?

Orain Elizak ez du garrantzirik festetan; meza egiten da,udaleko eta arrantzaleen kofradiako ordezkariak joaten dira meza nagusira, modu instituzionalean. Garai batean, 23:00etan serenoa lanean hasten zen: tabernak hustu eta jendea etxeratzen. Gaur egun gazte askok eta askok egunaargitu arte luzatzen dute festa. Are gehiago, orain festetako programak berak sustatzen du gaupasa egitea, eguna argituta gaupaseroen argazkia ateratzeko proposamenarekin. Eta garai batean baino askoz jende gehiago etortzen da kanpotik.

Kanpotik jende asko etortzen dela diozu. Inguruko herrietan beste festarik ez da izaten data horietan, eta horrek egiten al ditu berezi sanikolasak?

Ez dago Oriokoei itzala egin diezaiekeen beste jairik, eta hori dela eta, sekulako gazte pila etortzen da gure herrira. Gaur egun gazteek badute autoa eta gaupasa egitera etortzen dira. Horrek arazoak ere ekarri izan ditu urte batzuetan. Gaur egun, gainera, gazte gehienek tabernetako musikarekin egiten dute festa, eta batzuetan plazan jotzen duten taldeek ia ikuslerik ez dute izaten.

Orioko herrian eta inguruko auzoetan hamaika festa izan dira. Orio festazalea izan da eta da?

Garai batean, 1960ko eta 70eko hamarkadetan, azaroaren hasieran arrantzaleen jaia ospatzen zen, arrantzaleen kofradiak eta udalak antolatuta; garai hartan urrian bukatzen zuten kostera, eta festa Santu Guztien Egunaren inguruan egiten zuten. Gero, Afrika aldera joanez luzatu zuten arrantza sasoia, eta festak bukaera ezagutu zuen. Azaroaren 11n sanmartinak izaten dira Ortzaikan, garai batean Lizargate baserrian. Eta abenduaren 6an, San Nikolas. Eta urtea ondo bukatzeko, Gabonak. Borobiltzeko, San Joan bezperan ere festa izaten zen, San Juan Elizpe elkarteak antolatuta. Orion ezin ahaztu arraunak utzi dituen festa egunak; sustrai luzea eta sakona duen festa da banderen bedeinkazioa. Ez du data finkorik, Kontxako estropadan bandera irabazitako urteetan ospatzen da, eta udazkenean izaten da.

Gaur egun, ordea, sanikolasak eta sanpedroak mantentzen dira. Zergatik izan daitekeela uste duzu?

Lehenengo eta behin, horiek direlako herriko jai ofizialak, udalak bere aurrekontu eta baliabideekin antolatzen dituenak. Gero, Nikolas izenaren presentzia dago. Nik dakidala, Orioko ereserki ofizialik ez dago, baina Patxi Danbolinek asmatutako Orioko martxa badugu, eta urteetan San Nikolas festen hasieran jo izan du txarangak. San Nikolas, Orion, herriaren izenean dago: Villarreal de San Nicolas de Bari de Orio. Baina beste gauza askotan ere bai: San Nikolas eliza, arrantzaleen kofradia, bapore bat, karkara bat, mojen haurtzaindegia, txurro denda bat ere izan zen... eta ia inportanteena: traineruak ere San Nikolas izena du. Jai nagusiak ere bai. Eta azken urteotan festetan kalean gora eta behera buruhandiekin dabiltzan bi erraldoiak Nikolasa eta Pello dira. Aldiz, beharbada herrian Nikolasen betekada dagoelako izango da, baina egungo haurren artean oso Nikolas gutxi dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide