Abenduaren 5etik 8ra ospatu dira San Nikolas festak, eta Orioko Udalak festa batzordearekin elkarlanean landu du egitaraua. Ostiral honetan banatuko dute programa, etxez etxe. Aurretik, ordea, eskuragai jarriko dituzte herri bazkarirako txartelak. Bihar erosi ahalko dira horiek, hain zuzen, 17:00etatik aurrera, Turismo Bulegoan. Herri bazkaria abenduaren 7an izango da, Karela kiroldegian, 14:30ean.
Txartela erosterakoan, hamar laguneko talde bakoitzeko taldearen izena, bi arduradunen izen-deiturak eta telefonoak eman beharko dira, auzolanean herri bazkaria antolatzeko. Gainera, herritarrek laguntzaileen lan taldean izena emateko aukera izango dutela aurreratu du udalak. Hala, arduradun horiek herri bazkariaren egunean, goizeko 10:00etan, Karela kiroldegian egon beharko dute, muntaia lanetan laguntzeko. Bazkariko muntaketa egin ondoren, bertaratutako arduradunek haien taldeentzako lekua erreserbatzeko aukera izango dute.
Aurten helduentzako eta haurrentzako menu bana eskainiko dute. Bi kasuetan, babarrunak sakramentuekin izango da plater nagusia. Helduek postrea, kopa eta kafea ere izango dute, 18 euroan; eta haurrek postrea, 10 euroan. Intolerantziak edo dieta zehatzak jarraitzen dituzten pertsonek izen-ematean emango dute horren berri.
Herriko gazte talde baten ekimenez, bazkalostean jolasak egingo dituzte kiroldegian. Jolas parte hartzaileak izango direla jakinarazi du udalak, "adin guztietako lagunei zuzendutakoak", hain zuzen. Parte hartzaileen gutxi gorabeherako kopurua jakiteko, bazkariko txartelak erosteko unean zehaztu beharko da taldeak jolasetan parte hartuko duen ala ez.