'Pasa hitza' ikus-entzunezkoak irabazi du Azaroaren 25arekin lotutako bideo lehiaketa

Maria Maya Manterola 2025eko azaroaren 22a

Lehiaketara aurkezturiko lanak ikusi ondoren, sari banaketa ekitaldia izan zen atzo Saregilen. Aurkeztutako lan guztiak txalotu zituen epaimahaiak. Ikusleen saria, berriz, Puntu morea lanak eskuratu zuen. 

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da datorren asteartea, azaroaren 25a. Feminismoaren aldeko aldarria ozen entzunarazteko, bideo lehiaketa antolatu dute lehenbizikoz herriko bi ikastetxeek, Txurrumuski aisialdi taldeak, Saregile emakumeen etxeak eta udalak. Bideoak jaso dituzte jada, eta atzo egin zuten horien proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia, Saregilen.

Lehiaketara aurkeztutako sei bideoak proiektatu zituzten hasteko eta behin, eta horien inguruan azalpenak emateko tartea ere izan zuten sortzaileek. Guztiak ere, hitz gako baten bueltan sortu dute ikus-entzunezkoa: pasahitza. 

Epaimahaiaren txanda izan zen gero: Miriam Garcia eta Aizpea Esnaola Saregileko koordinatzaileek eta Manex Dorronsoro Txurrumuskiko kideak izan zuten saria banatzeko ardura. Pasa hitza lana saritu zuten: ikus-entzunezkoa landua eta originala dela nabarmendu zuten epaimahaikideek, eta baita Lourdes Del Hoyo zenari egindako keinua ere. Sortzaileek beraiek ere aipatu zuten zerbait desberdina aurkeztu nahi zutela lehiaketara, eta horregatik sortu zutela bideoaren oinarri den abestia eta letra. 

Ez zen atzo banatutako sari bakarra izan epaimahaiarena. Ikusleek ere lanak baloratzeko aukera izan zuten, eta denen artean ebatzi zuten, boto bidez, Puntu morea lana saritzea. 

Antolatzaileek nabarmendu zuten seinale ona litzatekeela lehiaketarik antolatu behar ez izatea, baina gustura direla emaitzarekin, eta datozen urteetan ere lehiaketa antolatzen jarraitzea aurreikusten dutela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide