Orioko Udalak herritarrei aurkeztu die epe laburrean Antilla hondartzan eta inguruan egingo dituen esku hartzeak. Atzo iluntzean egin zuten bilera irekia Kultur Etxean, eta herritar ugari gerturatu zen Olatz Santamaria eta Lohitzune Solabarrieta zinegotzien azalpenak entzun eta beren iritzia ematera. Aurrena inguruaren bilakaeraz hainbat azalpen eman zuten, baita zenbait datu ekonomiko eta bestelakoak ere.
Ondoren, udalak dituen asmoez aritu ziren. Hiru dira udalak egingo dituen ekintza nagusiak: batetik, hondartzako sorosleen eraikina berritu egingo dute, eta baita berregituratu ere, surf taldeari toki gehiago eskaintzeko, urtez urte bazkide gehiago baititu horrek eta aldagelak, esaterako, txiki gelditu baitzaizkio. Horrekin lotuta, hondartzaren beste aldean, mendebaldean, komun autogarbigarria dagoen eremuan, eraikin berria egingo dute, sorosleen eraikineko zerbitzu batzuk eraikin berrian emateko: komunak, dutxak eta kontsignak jarriko dituzte hor. Hartara, hondartzara sartzeko fluxua bi eremuetara zabalduko da. Eraikin hori baxua izango da, eta prefabrikatua.
Eraikin berria mendebaldean egongo da, eta hor jarri nahi du udalak hondartzako ur laminaraino iristeko pasarela irisgarria, ezintasunak dituzten herritarrek ur ertzeraino joateko aukera izan dezaten. Izan ere, sorosleen eraikinaren aurrean dagoen harrizko arranpla ezin da moldatu horretarako.
Bestetik, udal kanpinean bungalow gehiago jarriko ditu udalak: igerileku zaharraren kokapenean jarriko ditu bungalow gehienak, datuek erakusten dutelako errentagarritasun handia ematen diotela bungalowek kanpinari. Igerileku berriaren inguruan ere beste eremu bat dago hutsik, eta hor ere bungalowak jarriko ditu, baina horiek txikiagoak izango dira, eta soilik lo egiteko, komunik gabe. Denera hemezazpi bungalow berri izango ditu, beraz, kanpinak. Eta, bide batez, gogorarazi dute datorren denboraldian azkenean erabilgarri egongo dela kanpineko igerileku berria.
Dunekin arazoak
Hirugarren ekintza kirol portuaren parean dagoen duna eremuan egingo du udalak. Atzo azaldu zuten hogei urtez saiatu direla eremu horretan duna naturalak egon daitezen, baina ez dutela lortzen, eta Herrio natur taldearekin hitz egin ondoren, erabaki dute bi hektarea dituen zabalgune horretan aterpe klimatikoa jartzea. Hau da, klima aldaketagatik ura xurgatzeko gaitasuna ematea, hainbat motatako zuhaitzak landatuta.
Gaur egun ez bezala, herritarrek erabiltzeko gunea izango da, eta beraz, gaur egun dagoen landaredia kendu egingo da, baita gunea babesten duten sokak ere. Aurrerago zehaztuko dute bertan mahaiak jarri ala ez.
Herritarren iritziak eta galderak
Zinegotzien azalpenak amaitu aurretik hasi zen herritar bat edo beste galderak egiten eta iritzia ematen, eta saioaren azken minutuak erabat parte hartzaileak izan ziren. Udalak bi ondorio jaso zituen herritarrek esandakotik: hondartzan pasarela irisgarria urte osoan egotea nahi dutela, eta sorosleen eraikinean komun eta dutxa gehiago egotea nahi dutela. Azken proposamen hori EAJko Lourdes Salsamendi zinegotziak egin zuen.
Anuska Esnal EH Bilduko alkatea ere aurkezpenean izan zen, eta hainbat zalantza argitzeaz gain, udalaren asmoen berri ere eman zuen zenbait unetan.
Bi eskaera horiez gain, txu-txu tren zerbitzuaz aritu ziren herritarrak, baita hondartzako dunez eta zaborren edukiontzi sistemaz nahiz hondartza inguruko lurraren egoeraz.
(Laster argitaratuko du udalak esku hartzeei buruzko txostena eta hemen ere eskuragarri jarriko da)