Urtero legez, Euskal Herriko hainbat zuhaitz espezieren haziak banatu dituzte plazan

Aiora Arriola 2025eko azaroaren 8a

Herrio Natur Taldeak hazi banaketa egin du Orioko plazan. Urteroko espezie berdinak banatzeaz gain, aurten hazi berri bat banatu dute: otsalizarra, baita zuhaixkak ere.

Herrio Natur Taldeko kideak Euskal Herriko zuhaitz espezieen haziak zein zuhaixkak banatzen ibili dira goizeko 11:00etatik 13:00 bitartean Orioko plazan.

Hazi mota ugari banatu dituzte: artea, lizarra, gorostia, elorri zuria, gurbitza, astigar arrunta, haritza…baita otsalizarra ere, aurten lehen aldiz ekarria. Hortaz gain, gerturatu direnek zuhaixkak eskuratzeko aukera ere izan dute, haltza zein erramua, besteak beste.

Ekimen hau urtero antolatzen dute bertako espezieak ezagutzera eramateko eta basoen garrantzia azpimarratzeko. Hazia nola landatu eta ondoren landarearekin zer egin behar den azaltzen ibili dira.

Gabonetan, gainera, zuhaitz banaketa egingo dute, zuhaixkak opari gisa ematearen aitzakiarekin jendea haien garrantziaz jabetzeko asmoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide